Biba, diagnosia!

-Sartuko zara berriro tartetxo batean?- Galdetu zidan erizainak. Galderatik baino agindutik gehiago duten itaunetarako tonua erabiliz. Ummmm… Malo-malo. Batez ere, kontsultatik atera berriak ginelako. Medikuek, ustez, gaixoaren aurrean esan ezin diren gauzak azaltzeko erabiltzen dituzte horrelakoak, beraz, bagenuen saltsa.

-Zuen amak Altzheimerra dauka- Nabaria zen berri txarrak ematen ohituta zegoela neurologoa. Ez zion literatura gehiegi gehitu. Ez zuen azalpena askoz ere gehiago jantzi. Ez zuen kontsolamendurako konplimenduzko esaldirik erabili.  Alzheimerra dauka, eta horrek dena azaltzen du. Gure irudimena pizten duten izenen artean izen hori gertatuko da eraginkorrenetakoa.

Alzheimerra!!

Baina, diagnosiek bi alde dituzte. Alde batetik, munduan kokatzen zaituzte, protokolo magikoak abiarazten dituzte. Batzuetan, irtenbide posibleak erakusten dituzte, gaitzaren aurrean ezer egin behar hori elikatzen dute. Diagnosia eskutan, baduzu azalpen bat, zure buruarentzat, ingurukoentzat, estatuarentzat. Alde horretatik, krudelenak izanda ere, diagnosiak lasaigarriak gertatzen dira denontzat, baina, batez ere, osasun-sistemarentzat eta medikuentzat.

Munduak funtzionatzeko diagnosiak behar ditu.

Bestalde, kate sendo batekin gerrian lotzen dizuten harri-koskor handi bat da diagnosia. Balizko sendabiderik ez duten gaixotasunekin, adibidez. Handik aurrera arrastaka eraman beharko duzun harri astuna da, sekula askatu ezingo duzuna. Esnatzean, hantxe ikusiko duzu ohe ondoan, oheratzean bezala, autobusean zoazenean bezala. Amesgaiztoak eragingo dizkizu, eta badakizu, gaixoaren alboan egon nahi baduzu, bederen, bizimodua aldatu egingo zaizula. Eta okerrena da, ezin duzula imajinatu, handik aurrera, hitz bakar batek zer nolako eragina edukiko duen zure bizitzan.

Sekula entzun nahiko ez zenukeen hori da diagnosia.

Ez nintzen kontziente guzti horretaz enegarren itxaron-gelan aita-amarekin bildu nintzenean berriro. Orain zalantza dut, ez dakit zer egin nuen medikuak emandako informazio baliotsu horrekin. Natural-natural azaldu nien, hala aitzakia tonto bat bota, eta arrebarekin hitz egin arte ezer ez esatea erabaki nuen.

Zuk zer egingo zenuke horrelako ataka batean?

Izen batzuk badute pasillo luze bat
diagnosiren bat tratamenduren bat
egoera zailetarako esaldi perfekturen bat
handik aurrera burutik kendu ezingo duguna

aurrena izena gero anbulantziak
uluka aldapan gora
lehenik erietxeak gero larrialdiak
zaintzailearen hiztegi txikia

izen batzuk badute arrastoren bat
alboan betirako itsasten zaiguna
behin entzun ondoren gurekin datorrena
itxarongeletarako ekipai perfektua

izen batzuk badute kontsultaren bat
itxaron-zerrenda ta erizainen bat
gureganatzen dugun ondarea da
sekula etxean ahaztuta utziko ez duguna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up