Plateruena

Ez da eskela bat, ez da epitafioa, ez da errepide alboan, poste batean zinta amerikanoarekin lotutako plastikozko lore sortako txartelaren testua, ez da oroigarri nostalgiko bat, ez da gehiegikeriaz jositako laudorio ohar bat. Ez, ez da, horrelako ezer. Ez da penak kargatutako aitorpen bat, ez du inor kontsolatzeko asmorik, idazteak ez du kontzientzia garbitzeko puntu baliagarririk gehitzen, ez du inongo intentzio onik, ez txarrik,… ezta erdipurdikorik ere.

Konformista? Agian… Ez da kexa azaltzeko modu bat, ez da aldarria, ez du inoren kontzientzian inongo eraginik edukiko, ez du denboraren joana itzularaziko, ez du atsekabearen apologia egin eta sufizientzia apur batez betetako “esan nizuen nik” perfektu horietako bat utziko mahai gainean. Ez du gogoaren alde batetik bestera harrokeriarik barreiatuko. Ez da mitin batean erabiliko. Ez da prentsako titular izango, ez du inork kantu baten lelo bihurtuko.

Ez du inor suminduko, piztuko, haserretuko, gogaituko. Ez delako sermoia, ez delako egia, ez delako errealitate-kolpeen pean lortutako aitortza, ez delako testamentua, ezta antzeko beste edozein dokumentu ofizial ere. Ez da arimarekin zer egin oso ongi ez dakien notario batek jasotako akta, ezta heriotza-agiri baten fotokopia edo etorkizun-igarleren baten kondena saihestezina. Ez da horrelako ezer. Eskerrak emateko modu bat baino ez du izan nahi testu honek. Mila esker Plateruena bultzatu, hornitu, jantzi, landu, posible egin duzuen guztioi, eta xuxurlu goxo bat belarrira sortzen, loratzen, heltzen eta zimeltzen hurbiletik ikusteko adorea eduki duzuenei.

GARA 2020/10/15

Kategoria: Gara, Musika Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude