Egiazko euskal nortasuna eta musika

Kontu garrantzitsua da, hitz aspertu batzuk egitekoa, QUOSQUE TANDEM zabaldu, orri parea irakurri, berriro itxi, 60.ko hamarkadan, beste hainbat gaiekin bezala, euskal nortasun kulturalaren gainean izandako hausnarketa eta ekarpenak, inbidia apur batekin begiratu… aurpegi arraroa jarri, eta … bai, serio jar naiteke, batzuetan, bederen. (2017-02-18an GARAn argitaratutako zutabea)..

Berezkotasunak

Igandean Berrian egindako elkarrizketan egiazko euskal nortasuna duen musikaz galdegin zuten Mixel Ducau. Uuufa, eskerrak ez zidaten galdera niri egin… Zer demonio esan, Non ezkutatu, nora ihes egin?… Ducauk, ordea, eskarmentua eta dotorezia soberan dituela erakutsi zuen, eta halako zerbait esan zuen; zaila dela definitzen baina musika nongoa den azpimarratzen duen azentu moduko bat dela.

Bale, ez da zehatza, ez zaitu asebete, oso erantzun metaforikoa da, baina, eta zuk, zer erantzungo zenuke? Zer da zuretzat egiazko euskal musika? Tresna “autoktonoak” erabiltzen dituena? Ah bai? Orduan Crystal Fightersen musika euskaldunagoa da Pettirena baino? Eta zertan behar du euskaldunago Maghrebetik etorritako alboka erabiltzen duena? Ez dakit oso justua den. Orduan, euskal tradiziotik jasotako doinuak, hitzak, kantuak benetakoagoak direla esan beharko. Berdin dio balsa, polka, mazurka. Euskaldunagoa da Europa ekialdetik etorritako erritmo bat, Aralarko bordetan hamaika aldiz errepikatua, ados, baina zergatik izan behar du folkloreak, beti, egiazkoagoa berrikuntzak baino? Errepikapenak, denborak bakarrik egiten du zerbait berezkoago?

Eta proba egingo bagenu atzera begiratu beharrean aurrera begiratzen? Konturatuko ginateke, agian, etengabe eraikitzen dugun zerbait dela euskal nortasuna, oso aldakorra, konplexua, pertsonala bezain kolektiboa, eta ekinez egiten dena, oharkabean askotan, turista-antiajuak kenduz, topiko-kolonizatuak astinduz, eta batez ere, gozatuz.

Euskal kultura bilatuta hauxe da Googlek ematen duen lehenengo irudia:

Euskal kultura

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up