Mursego eta Oiongo herria
100% Oion
Bidehuts 2017
Balore asko aitortu behar zaizkio Maite Arriotajauregiren jardun musikalari, ez bakarrik Mursego gisara, baita musika “irakasle” ari denean, edo dinamizatzaile musikal/kultural gisara ekiten duenean. Alor horietan guztietan ari da ekarpen estimagarriak egiten Eibartarra, eta ez uste erraza denik, artistaren egotik, fokuen dirdiratik, batzuetan, hain urrun dauden esparruetan, halako fineziarekin jardutea. Mursegoren azken diskoa “100% Oion” horren erakusgarri fidela dugu. Aipatu hiru jardunek; musikariak, irakasleak, aktibistak bat egiten baitute modu organikoan, esparru geografiko zehatzean eta jendarte jakin baten inguruan. Urrats sendoa Maiteren nortasun, barka hitza, inkorfomistarentzat.
Arriskuz betetako egitasmoak izan ohi dira hauek, tartean hainbat borondate on, instituzioak, askotariko herritarrek, artistek eta diru-laguntza publiko/pribatuek (beka, konkurtsoa, subentzioa…) egiten baitute bat. Panorama horretan zer leku hartu behar du musikariak? Erabateko protagonismoa hartu behar du? Kurrikuluan ongi geratu ohi den lan “solidario” horietako bat sinatu behar du, herritarren parte-hartzea anekdota koloretsua bilakatuz, eta artistaren egoari hegalak emanez? Nolabait esateko, kausa nobleren baten alde egiten den hamaikagarren “wilareworlda” egin behar du? Ala, artistak protagonismoa partekatu behar du herritarrekin? Bere anbizio “estetikoak” pixka bat alde batera utzi eta emaitza jakinik gabeko abentura bati ekin behar dio? Agian, onura baino, kalte “artistikoa” ekarriko dion zerbait sinatzeko arriskua bere gain hartu behar du?
Bidegurutze ezeroso horretan, biderik konprometituena hartu du Mursegok, beti bezala. Eta gu pozik, oso pozik, haren nortasuna miresten baitugu. Batik bat, arriskuak hartzeko garaian erakusten duen ausardiagatik, eta (kontrajarriak ez daudelako) horrelako egitasmoetan nahitaezkoa den umiltasunagatik.
Mursegoren beste disko bat nahi duenak, ez du hemen topatuko, lan hau hori baino gehiago baita. Hau Oiongo herritarrek eta Mursegok, elkarlanean, egindakoa diskoa delako eta, batik bat, Oiongo herritarrei zuzendua dagoelako. Hori, ulertzen hain sinplea dirudien hori, ongi barneratzea izan da Maitek eman duen aurrerapauso nabarmenena. Dena dela, lasai, ez dira falta Made in Mursego diren pop harri-bitxiak; Maneki Neko Katua zoragarria eta Zurrumurru, Zurrumurru jostalaria.
(Berria 2017/10/15)