Eta non kantatuko dugu hemendik aurrera? Zoologikoan desagertze zorian dagoen espezie babestu gisara kaiolaren batean sartuta? Streaming bidez eginda, gainera, oso moderno gertatuko da. Jaialdi profilaktiko eta higienikoetan arau guztiak, eta badaezpadako gehiago, logika polizialez aplikatuta? Dutxan? Ez al digute hori, behintzat, arautuko. Ez izan hain marmarti, dio lagun batek, hemendik aurrera, errazagoa izango da eta aretoak betetzea, ugaritu egingo dira “sarrerarik ez dago” dioten txartelak leihatiletan! Dena ongi doa esango dute telebistan. Eta hau; zooak, jaialdiak, aretoak… arrakastaren eztia lortu duten artistentzat. Besteeok… beno, beti edukiko dugu dutxaren bat eskura.
Aukera bakarra ikusten dut besteontzat, erdipurditik beheragokoentzat, alegia. Uste dut berreskuratu beharko ditugula 60 eta 70ko hamarkadetako kantaldi klandestinoak egiteko erabilitako txoko ezkutuetako babes konplizea (porlanak hanpatu ez dituenak, behintzat). Ez dakit, baina pentsatzen hasita, plazer debekatuaren tiradizoa, arriskuaren adrenalina, misterioa, magia… agian, isilpekotasunak handitu egingo du zuzeneko emanaldien erakargarritasuna (baten salneurrian bi arazo konponduta). Kale gorria baino ez baitzaigu geratzen, eta ez delako zilegi, dagoeneko gure hiri eta herrietako kantoiak musikaz betetzen bizimodua ateratzen saiatzen diren era, kolore eta kategoria guztietako musikariei ogia lapurtzea. Horregatik, lagunok goazen gure herrietako bazter sekretuetara, horra hor irtenbidea.
GARA 2020/06/04