Managerrak

Rock eta pop musiken industrian ospe txarreko lanbiderik badago hori managerrarena da. Sormena negozio bihurtzeko ardura dutenez, ez da harritzekoa haien izena entzunda burura, sortzailearen arima guztia garbia saltzearekin zer ikusia duten, hamaika kontu etortzea burura. Galdetu musikariren bati eta argi geratuko da, musikagintzan edukitako zortearen araberakoa izango da managerrarekiko erakusten duen begirunea. Batik bat, zorte hori neurtzeko baremoa bidean irabazitako edo (ustez) galdutako dirua bada. Topikoak halaxe dio; Malibun etxea duen musikari bakoitzeko 5 managerrek dutela beste bat. Ez naiz sekula Malibun egon, beraz, ez dakit egia ote den.

Beno, managerrak aipatu ditut, baina gestio kontuetan musikari eta antolatzaileen artean bitartekari lanak egiten dituztenez ari naiz. Esker-txarreko lana baita gehienetan. Moda, apeta sozial eta kontsumo ohitura aldakorrei estu jositakoa. Zorte iragankorrari atera beharreko etekin azkarrekin lotutakoa (eukaliptoaren metafora), eta zati handi batean, maila ezberdineko zenbait instituzioen bulegoetan garatu beharrekoa. Jokalekurik erakargarri eta motibagarrienak edozein motatako sortzailearentzat.

Ez mafioso, ez aingeru. Ez dena diru, ezta dena artea ere. Baina musikagintza “normalizatu” batean managerrak beharrezkoak dira, eta diruaren atzetik ibili beharra daukate, hori delako haien lana. Gustatu ala ez gustatu, ongi ala gaizki iruditu. Edozein modura ez nuke, egun, haien larruan egon nahiko. Mesedez ez aholkatu seme-alabei inongo alor artistikoko manager izateko.

GARA 2021/05/13

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up Scroll Up