Elgeta

“Sasi artean Elgeta” komikia irakurri nuen atzo, eserialdi bakarrean, segidan, etenik hartu gabe, eta orain berriro irakurtzeko asmoa dut. Ziur nago, aurrekoan ikusi gabeko zenbait xehetasunek ihes egin didatela, eta itxaropena dut bigarrenean atzemango ditudala. Egia esateko, ez litzaidake axolako hirugarren batean harrapatzea. Aitortu behar dut hipnotizatua bezala naukala Jacinto Rivas “Elgetaren” historiak, eta zuzenean gogora iritsi zaidala kontakizuna. Batez ere, ez dakidalako noiz ari zaidan hitz egiten pertsona, eta noiz musikaria, ezin ditudalako bizitza eta sormena bereizi, hain modu organikoan doaz itsatsita biak. Hain hurbilekoa egiten zait, eta hain historia unibertsala kontatzen dit. Hain garai historiko kitzikagarriaz ari da, hain ondorio latzak utzi dituena… eta dena dago Elgetaren soinuan eta ahotsean.

Errazkeriaren lurraldeetan sartu-irten bat egingo dut, aipatzeko ez dudala ulertzen nola ez dagoen oraindik haren bizitzaren gaineko Filmik, Telesailik, Dokumentalik, Biopic-arik. Benetan, ez zaio inori bururatu halakorik? Edo beste askotan bezala horretarako baliabideak dituztenak ez diote nahiko interesgarritasunik aitortu egitasmoari? Maketoa zelako? Politikoki ez-zuzena? Pobrea hil zelako? Edo agian ez dugulako baloratzen, behar bezain beste, zer nolako ondarea gordetzen den trikiti pobre baten hauspoan. Estimatzekoa da oso komiki hau idatzi, marraztu eta argitaratu dutenen ahalegina. Baina, balio beza gogoratzeko, baita ere, asko dagoela egiteko.

GARA 2021/10/28

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Scroll Up