Badira hilabete batzuk Beñardo eta biok lanean ari garela kantu berriekin. Azken diskoetako ildoari jarraituta disko tematikoa izango da eta, oraingo honetan, gure gerra, eta bake, txikiaren inguruko gaiak jorratuko ditugu. Halaber; barkamena, errua, erresumina, damua, memoria, militantzia, biktimak… izango dira kantuotan aipatuko ditugun zio nagusietako batzuk, jakina, Morauren ikuspuntu xamur, kritiko eta ironikoarekin landuta.
Ez da disko dramatikoa izango, ez du autokonplazentzia kirats handirik izango, baina ez ditu gai mingarriak saihestuko. Beraz, imajina daitekeen moduan, arreta berezia jarri diegu kantu hauen hitzei, eta azpimarratu nahiko nuke ahalegin handia egin dugula tonu egokia topatzeko. Musikalki, orain arteko gure bideari eusten diogu, beraz; melodiez betetako folketik, zein pop-rocketik, edaten duten kantuak ondu ditugu. Alde horretatik, ez da musikalki disko “tristea” izango, are gehiago, irudipena dut sortu ditugun doinuen argitasunak osagarri bikain gertatuko direla hitz “serio” hauentzat. Ez, ez dira faltako lelo itsaskorrak.
Bake-ostea izango du izenburu kantu-bilduma honek eta abenduan grabatzeko asmoa dugu Berako Atala estudioan Iñigo Irazokirekin. Bi ahots eta bi gitarra, hori izango da diskoaren oinarrizko janzkera, nahiz eta berritasun gisara Beñardok gitarra elektrikoa kantu guztietan jo. Horretaz gain, izango dira kolaborazio puntualak hainbat kantuetan, baina, azken lan guztietan bezala biluztasuna izango da Bake-ostearen beste ezaugarri nagusietako bat; kantautorearen egoskorkeria…
Blog honetan azalduko ditugu diskoarekin lotutako berrikuntza guztiak. Beraz, izango duzue gure berri.
(Argazkia: Putre)

Utzi erantzuna