Opari batzuk jaso eta armairuren batean gordetzen dituzu. Batzuetan zabaldu gabe, baina gehienetan, kontu handiarekin koloretako papera kontuz apartatu (hautsi gabe) eta barruan dagoena begiratuta, zelo puska berak erabiliz, berriro itxi ondoren. Ez da estimazio kontua, ezta gutxiagorik ere, maite duzun gauza asko gorde izan duzu horrela. Une egokiena ez delako, opariaren poza luzatzeko, ezustearen ilusioari begitazio modura eusteko… Ez nuke jakingo azaltzen.
Horrelaxe gertatu zait Pellok egindako opari honekin. Urte eta erdi pasa da bere Aieka estudioetan Egunsentiak Alperrentzat grabatu genuenetik. Hilabete batzuk, berriz, Irakurgaiak kantuaren bertsio hau besazpian agertu zitzaidanetik, ustekabean, eta neuk jaso, entzun, baina gorde… Aurrerago erakusteko asmoarekin.
Horrela joan da denbora, arrasto handirik utzi gabe, eta oparia armairuan, taupadaka hala ere. Gaur berriro zabaldu dudan arte, eta hementxe duzue. Opari-paperak birziklatu ditut, armairuan leku egin eta lehenengo aldiko ezustearekin alderatuta apalagoa gertatu bada ere, sendoagoa izan da opariak eragin didan asetze moduko hori. Eskerrik asko Pello, Ibai eta Aitor, kantuari eman diozuen heldutasun eta aire epel horrengatik.
Eta ausardia librea denez, bideo pobre horietako bat ere egin dut, nola ez bada egunsentiko irudiak aprobetxatuta.