Miraria

Prentsan irakurri berri dut, aurten, 141 produktu-musikal argitaratu direla Euskal Herrian (Durangoko Azokaren datuak dira), eta ez dakit ongi poztu, larritu ala kezkatu egin behar dudan. Ehun eta berrogeita bat disko eta eratorri! Erraz esaten da, baina jar itzazue bata bestearen gainean, eta sortuko den dorreak hartuko duen altura, horixe izango da euskal musikaren aurtengo uztaren dimentsioa. Ariketa mentala egin dut, eta harrigarria izan da emaitza. Aizue, ez al dira bada lau katu egun musikarekiko interesa dutenak? Miraria! Euskal Herria; entzule bakoitzeko bi (edo hiru) musikari dituen herria!

Argi dago nork egiten dituen diskoak (eta eratorriak), baina norentzat? Nork estimatzen ditu? Ba al dugu masa-kritiko nahikorik halako ekoizpena modu ahalik eta txukunenean… kontsumitzeko esan behar nuen, baina agian, egokiagoa da… digeritzeko? Kontsumitu behintzat, badirudi kontsumitzen dugula, hilabete eta erdi eskasean %60tik gora. Baina eta beste guztia? Hori ere bai. Badira emanaldietan jendetza biltzeko gai diren artistak, komunikabideen lehen orrialdeak eta primetimeak merezi dutenak, haien lanekin oihartzuna lortu eta feedbacka jasotzen dutenak. Baina nagoen, haiek zenbatzen jarrita, bi eskuetako hamar hatzetatik baten bat sobran geratuko litzaigukeela. Eta hala eta guztiz ere, balizko 700.000 hiztun dituen komunitate batean 141 produktu-musikal argitaratzeko gai gara, urte bakarrean, industria-musikalaren krisi bete-betean. Horixe; ez dakit poztu, larritu ala kezkatu.

GARA (2022/12/08)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up