Produktuak

Musika garraiatzeko soporte ugari sortu dira historian zehar. Papera eta anotazioa, zein ahozko transmisioa izan dira, milaka urtetan, kantuak, doinuak… transmititzeko era bakarra. Diskoa sortu zen arte, eta harekin batera musikaren industria, eta industriarekin, inoizko negozio-modurik errentegarri eta lukurreroenetako bat ernaldu zen. Eta diskoa gure bizitzari lotu zitzaion liana bat bezala arbolari, poliki-poliki, larrua bildu eta barruan hiltzatu zitzaigun erroak utziz. Baina industria asekaitza da, garapena deritzote gero eta mozkin gehiago lortzeko modua, ematen duten asmakizunei.

Diskoaren ondoren etorri ziren; kasete, CD, laser-disc… eta abarrak. Eta gero, berriz; bing-banga, kataklismoa, internetek jo zuen planeta eta dinosaurioak hilurren utzi. Eta holaxe gaude orain, inork ez dakiela oso ongi zer den euskarri, zer disko, zer disko-liburu, zer pendrive, zer multimedia, streaming, edo dena-delakoa. Adibidez, Durangoko Azokako zerrendetan ez dituzte diskoak zenbatzen, produktu musikalak baino. Hondorik gabeko zaku zabal bat, non kabi daitezkeen denak. Irizpide zuzena deritzot. Baina tristura piska bat ematen dit, benetan, izen aldaketak. Zer iritziko zenioke aurten 400 liburu kaleratu dira irakurri beharrean, aurten 400 produktu-literario kaleratu dira irakurtzeari? Diskoa izan da mende eta erdian, musika-ekoizpenaren ikur, símbolo, erreferente nagusia. Baina, orain badakigu, produktu bat baino ez zen. Eta okerrena, banan-banan izendatu behar al ditut etxean ditudan milaka produktu musikalak?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up