Bai neuk, baita ere, greba egin nuen atzo eta herenegun. Konbentzimendu handirik gabe dena esan beharra badago. Batik bat, elkartasunez egin nuen; kultura lanbide gisara aukeratu dutenekiko, eta haien artean, bereziki, sortzaileekiko. Nagoen eta, kultura ogibide dutenen artean kopuru txikia dela sortzaileena. Askoz ere gehiago direla teknikariak, bitartekariak, edota beste alorretako profesionalak. Aitortu beharra daukat, ene ustez, pertsona orok, une orotan, egin, sortu, transmititu, egokitu, moldatu, errepikatu… egiten dugula kultura, beraz, ez dela egokia kulturaren sorkuntza gremio bakarrari egoztea, uste burgesaren kontra, denak baikara “kulturgileak”, gehiago edo gutxiago, nahita edo nahi gabe, gogoz kontra edo behartuta. Aski da herritar izatearekin, zertarako kulturgile?
Arrotza zait kulturgintza kontzeptua, susmagarria, batez ere, kulturaren kontzepzio kapitalistarekin lotuta datorrenean; goitik beherakoa, makro-jaialdi, makro-proiektu, makro-ekitaldietan ardazten dena, hetero-patriarkala, diru-laguntzen arrantzatik bizi dena, sortzaile indibidualetan oinarritutakoa, negozioari begira dagoena, elkartrukatzean baino salmentan oinarritzen dena, herri-kultura baztertzen duena, azalari mamiari baino gehiago erreparatzen diona, kulturaren korporazio multinazionalek gidatzen dutena, aldarrikatzen duena gutxi batzuek dutela, soilik, kultura, benetakoa, dastatzeko gaitasuna. Agian herritarra naizelako. Horixe izango da gakoa.
GARA 2020/04/23