Baina merezi al du egoera honetan diskoak kaleratzea? Ados, bi ideia zehaztu beharra dago esaldi honetan. Lehenengoa; zein egoera? Konfinamendu egoera ala post-konfinamendukoa? Bigarrena, konplexuagoa; diskoa kaleratzearena ez al zen bada arazo duela hiru hilabete?.
Konfinamenduaren katastrofearen ondorioak gutxietsi gabe, zer espero daiteke salbuespen neurriak leundu, eta ustez, mundua bere onera etortzen hasten denean? Zer leku egongo da “normaltasun berria” izendatzen hasi diren horretan musikarien jardunerako? Alor batzuetan ez dirudi hainbesteko eraginik edukiko duenik (grabaketa, ekoizpena, zabalkundea…) beste batzuetan, berriz, ondorioak oso nabarmenak izango dira, batik bat, zuzeneko emanaldiekin lotutako kontuetan. Non burutu emanaldiak, zein baldintzetan, noren aurrean… Zuzenekoen ekosistema, orain arte ezagutu dugun moduan dago kolokan, eta ikusteko dago, oraindik, zein bide hartzen ditugun egoera berrira moldatzeko. Brainstorming basa egin beharko genuke.
Aurreko galderak ez dira orijinalak, ezta gutxiago ere, azken urteetan, digitalizazioaren eta interneten eraginez bolo-bolo aritu diren kontuak dira. Ezta diskoen kontua ere; agian, sortzaileok eskarmentu pixka bat gehiago pilatu dugu alor horretan, baina, musikaren-industria izan daiteke jokoz erabat kanpo gera daitekeena. Dena dela, irudimena eta ausardia gako izango dira, eta horretatik gehiago dago undergroundean, industriaren guardasolpean baino. Ez al gara hasi bada, denda txikiak berriro preziatzen?
GARA 2020/05/07