Eskatzea libre, eta ematea ere bai, noski. Sosa amaitzen den bitartean, jakina, zeren eta alperrik aritu zara eskua luzatzen, zakuko alea amaitua bada. Emaileak bizkarrak bildu eta argi adieraziko dizu bere eskuzabaltasun eta eskatzaileekiko begirunea eztabaidaezina dela, baina papo, bukatu dela, ez dagoela gehiago, asko sentitzen duela, baina ezin duela ezer gehiago egin, ez dagoela guztiontzat adina.
Diru-laguntzak eskatzeko leihatilaren aurrean lerroan jarrita daude: polizia, medikua, eraikuntza-enpresaria, apaiza, militarra, dendaria, tabernaria, alkatea, auto-lantegiko zuzendaria, artista… Ordena itzazu laguntzak jasotzeko premiaren arabera, kontuan hartuta oso zaila izango dela azkenentzako, ezeren apurrik geratzea. Zein utziko zenituzke azkenak? Ezinezkoa da, noski, partidak dimentsionatzea, jasotzen duenak, ia dena jaso behar du eta ezer jasotzen ez duenak berriz, ezer ere ez. Eta ziur izan, ez da sekula dirurik faltako gauza batzuetarako, nahiz eta Madrilera bidaia asko egin behar, eta lortutakoren kopuru bera, beste nonbaitetik kendu behar, aurrekontuen oreka ez hausteko.
Agintariek inola ere zalantzan jarriko ez duten, AHTren biaduktu batek herrialdeko artista guztiei eman beharreko dirulaguntzak baino kostu handiagoa edukitzeak, eta premiazko gisa aukeratzeak, ez al du ezer azaltzen herrialde horretako agintariek arteari, kulturari ematen dioten garrantziaren gainean? Hobe genuke gitarrak, eztarriak, boligrafoak, ordenagailuak, mailuak errendatzea eta porlana egiten hastea.
GARA 2020/05/21