Txikikeriak

Uneak behar dituen solemnitate-osagaiak ditu. Errespetuzko isiltasunaren taupadak. Argi txurixkak nabarmentzen duen agertoki erraldoia. Mikrofono batek, eta haren atzean, lerroan jarritako aulki sorta batek soilik hausten duten taulagaineko babesgabetasuna. Pertsona bat dago mikrofonoaren aurrean, jaso dituen aginduei jarraituz lan egiteko prest. Ataka estuan dago, burumakur, erabat bere baitako. Gogor estutu behar du burua, azkenean, magiak eta ofizioak bat egin dezaten; adierazi nahi duena, esan nahi duen moduan kantatzeko.

Pertsona mikrofonora hurbildu da. Eskuin eskuarekin astindu trakets bat eman dio hari eusten dion metalezko hankaren goiko atalari, zakar okertu du. Bere modura egokitu nahi du, baina ez dirudi gustura, orain ezker-eskubi ibiliko du, gozotasun izpirik gabe, gero atzeraka eragingo dio besoa luzatuta. Gora begira jarriko du apur bat, berriro behera begira jartzeko. Bi eskuekin helduko du, gero askatu, baina itzuli, eta ustekabean harrapatu nahian edo, orain, bakarrarekin, beste astindu bat emango dio, are bortitzagoa mikrofonoaren euskarriari… Kantariak eskuak han ditu, baina burua beste nonbait; mugimendu traketsen katalogoak erakusten du. Baina zer erru du mikrofono gaixoak? Kontua konzentratzea bada, ez al litatzeke errazagoa bola txinatararrak, estresaren aurkako pilota bat, errosarioa… erabiltzea? Bertsolari txapelketa nagusiaren finalean, bereak eta bi jasotako mikro-hanka heroikoei eskeinia. Haiek gabe zer litzateke bertsolaritza?

GARA 2023/01/05

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up