Jaialdiak

Joan den asteburuan, bakarra gutxi, eta bi makro-jaialditan parte hartu dut. Zertan habil Morau, hartu didate kargu lagunek; kristonak eta bi esan dituk, behin eta berriro, makro-jaialdien eta haien ondorio kaltegarrien inguruan, eta orain zer, hi habil horrelakoetan firin-faran, muturzuri halakoa!

Lasaitzeko erantzun diet, eta zin egin dut, Wody Guthriren gitarraren izenean, iritzia ez dudala aldatu, nahiz eta onartu behar izan diedan, jauzi metodologiko bat gertatu dela nire jarrerari dagokienez. Bai, halaxe da, AƱorgako Izpiak jaialdian eta Larraitz’en Enarak topaketan partaide izan ondoren (batean musikari, bestean aurkezle) ohartu naizelako alde okerretik aztertzen nuela makro/mikro dikotomia.

Saiatuko naiz azaltzen. Aipatutako bi jaialdietan bildutako jende-kopurua ez zen izango 350 bat lagun baino handiagoa. Eta ikuskizunak burutzeko jokalekuen azalerek ozta-ozta gaindituko zuten San Mameseko edozein aldetako penalti-arearena. Eta zer dauka horrelako baldintzak betetzen dituen jaialdi batek makrotik? Asko; biak ala biak makroak dira esanguran, eta, besteak beste, bere inguru hurbilean txertatzeko gaitasunean. Makroak dira pentsa-arazteko, goza-arazteko eta senti-arazteko gaitasunean. Makro-elkartasuna lantzen dute. Askotan makro-mirariak egin behar dituzte aurrera ateratzeko. Makroak dira musikariak etxekotzat hartzeko gaitasunean…

Beraz, alde horretatik ikusita, harro egon gaitezke; BBK-live da mikroa, estua, eskasa, murritza, laua, tristea, pobrea, grisa…

GARA (2023/05/25)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up