Euskal kantugintza zer da? Hori bai galdera potoloa. Kontu geografikoak ardatz gisara hartuta, duela ez hainbeste urte, diska-denda askotan gertatzen zen fenomeno lilugarria gertatuko litzateke; kaxoi berean (euskal rock izenpean edo) egongo lirateke Mak eta Barricada, Negu Gorriak eta La Oreja De Van Goh. Egoera miresgarria ez da hala. Era berean, ordea, Melbournen bizi den eta euskaraz kantuak idatzen dituen musikariren batek, ez luke eskubiderik “euskal” abizena bereganatzeko bere lanarentzat.
Ados, euskal kantagintzarena label pobre bat baino gehiago bada, beste zerbait hartu beharko kontutan. Badira, jarrera, intentzioa, euskaldun izaera definitzen duten elementu sozial/kultural/genetikoak kontuan hartzen dituztenak. Alegia, euskalduna ez da, bakarrik, bertan jaiotakoa, baizik eta euskalduna izateko baldintzak betetzen dituen oro, eta horretarako ezaugarri jakin ak bete beharo ditu bere kantuak. Honekin kontu handia behar da. Nork definitzen du zein izan behar duen euskal kantugile peto-petoaren eredua? Zeren arabera neurtu euskalduntasuna?
Baina, eta zergatik hainbeste korapilatu, halako lurralde labainkor eta arriskutsuetan murgildu kaka esplikatzeko. Erantzuna, sinple, argi eta definitorioena begibistan badaukagu. Euskal kantugintza euskaraz kantuak egiten dituztenen jarduna da, eta kito. Agian ez litzateke gogoratu beharko, baina susmoa dut etengabe errebisioan jartzen dugun kontzeptu horietako bat dela euskal musikarena. Oraindik euskaraz zergatik egiten dugun etengabe azaltzen dihardugu.
(GARA 2017/10/26)