Beraz, ba al naiz euskal kantugile? Halabeharrez, zeren eta nork nahiko luke, bere borondatez, behintzat, kategoria ilustre honetako kide izan? Badira, automatikoki, munduko hiritar bilakatzen zaituzten hizkuntza miresgarriak (beraz, kantugintzak), beste batzuk nazionalismoen itxitasun eta txikitasunera kondenatzen zaituzten bitartean. Ez engaina, bigarren horietakoa da euskara, zure burua etengabe azaltzera behartzen zaituen horietako bat.
Hori horrela izanda, nori bururatuko zaio “gora euskal kantugintza” esaldia idaztea tshirt batean? Burutik jota egon behar! Beste ezer egiten ez dakigunok (hizkuntzetarako txarrak izaki), ados, baino nork aukeratuko luke, jardun gisara, egun, euskal kantugintza? Ongi pentsatu. Dagokion lurraldeko komunikabideen %80arentzat existitzen ez den kantugintza bateko kide? Dekoratuaren zati baino ez dena politika kulturaletan? (Denis Itxasoren bonbo gogoangarri hori). Ez etorri, mesedez, ez dizue merezi.
Baina ez uste, gauzak ez dira hobeak kalearen beste aldean. Ederki gaude nostalgiaren beso esker txarrekoak badira gure tiritarik eraginkorrena. Manifestuak sinatzeko balio dugu, alde edo kontra gaudela azaltzeko, baina nork entzun nahi ditu, horretaz aparte, gure kantuak? Noiz? Nola?
Horregatik, ez ditut ulertzen erdararen batean aritzen diren egile batzuk azaltzen duten herra, euskarak (beraz, euskal kantagintzak), baztertu egin dituelakoan. Hizkuntza aukerak ikusezin bilakatu omen ditu jendartearentzat. Ongi pentsatu, garaiz zabiltzate, ez etorri, benetan, hobe zaudete horrela.
(Gara 2017/11/09)