Beno, behin diskoa “kaleratu” edo hobe esateko, “sareratu” ondoren. Lana ezagutarazi behar da, ez ohi da lan erraza musikari gehienentzat, hitzekin baino beste baliabideekin hobe moldatzen direla uste dute gehienek. Neuk ez, neuk badakit hitza dela nire tresnarik eraginkorrenetakoa, eta horregatik, ez diet beldurrik elkarrizketei, nahiz eta, munduko kazetaririk axolagabeena suertatu parean(eta ez da harrokeria).
Ez naiz kazetari musikalekiko gaizki esaka ariko, ene buruari harriak botatzea litzateke hori. Are gehiago, uste dut, zorionez, badela inguruotan musika estimatu eta gaiaren gaineko elkarrizketa txukunak egiteko moduko kazetaririk. Guztiengana jotzen saiatuko naiz. Beno, hobe esateko, dagoeneko promozioan buru-belarri nabil eta dagoeneko hasi naiz hauetako batzuekin egoten. Beste batzuk datorren astean suertatuko zaizkit eta badira, agian, aurrerago gertatuko zaizkidan batzuk.
Ez dira dozenara iritsiko, ofizio handikoak gehienak, eta beraz, azeri zaharrak artistarekin tratatzeko garaian. Are gehiago, gehienek birritan edo gehiagotan elkarrizketatu nautenez, kasik, etxekoak gara. Hortik atera kontuak. Ez dakit hau onerako edo txarrerako den, batzuetan, ez da egokia elkarri tamaina hain ongi hartua edukitzea. Baina horrela da. Elkarrizketak egin behar dituzu, saiatu behar duzu enpatia sortzen kazetariarekin, baina ez dituzu bistatik kendu behar balizko entzule eta irakurleak. Azken hori da niri gehien kostatzen zaidana.
Horregatik, aitortuko dizuet, lotsa ere pasatu izan dudala ene hainbat elkarrizketa entzun eta irakurri ondoren. Eta ez dut biderik errazena hartuko, kazetariari leporatzea errua, ez, nire hitz-jario neurrigabearen errua baita, ez beste inorena. Ongi dago elkarrizketatzailearekin konfiantza giroan aritzea, baina ez zure lagunarekin tabernan egongo bazina bezala, zuk esandakoak jaso eta, batik bat, interpretatuko dituen batekin ari baitzara. Esaldi edo paragrafo borobilaren bila dabilena. Esandakoa testuinguruz kanpo ibiliko duena.
Badakit, oraingo honetan ere gertatuko zaidala. Badakit behin baino gehiagotan esango diodala ene buruari; “Morau, hobe hun isilik geratzea”. Promozio-garaia baita, eta geuk gure burua ongi saltzen asmatu behar dugu, lerdoegi agertu gabe jendearen aurrean.