Ospea

Lehenengo aldia, ene bizitzan, horrelakorik jasotzen dudala…

Sekula ez zait hau gertatu, sekula. Kalean nabilela, bistaz bakarrik, ezagutzen dudan norbait etortzen zait, hit gozo batzuk esan, bi musu eman eta zoriondu egiten nau kantu berriak direla-eta. Behin baino gehiagotan gertatu zait, gainera, azken 15 egunetan. Bereziki intentsuak izan ziren Milagrosako emanaldiaren hurrengo egunak. Batzuk emanaldian egon zirelako, besteek irratian entzun dutelako kanturen bat, badira prentsako elkarrizketaren bat irakurri eta hunkitu egin direla aitortzera etorri direnak, batzuk bere esperientzia kontatzen dizute, labur.

Denok daukagu, argi dago, zerbait esateko zaintza eta gaixotasunaren gainean. Hori susmatzen nuen, baina ez nuen uste hainbesterako zenik. Prentsan agertzen hasi ondoren jabetu naiz, ordea, zer nolako gogoa eta premia dugun gaiotaz hitz egiteko, eta batez ere, behin publikoan, hitz egindakoan, esandakoarekiko estimazio erakutsiz, jasotzen duzun elkartasun beroa. Ulertuko duzue nire harridura, ez da hala? Morau naiz, aizue, emanaldietan lehen lerroan baino, barraren alboan egotea maite dutenen idoloa. Beraz, ez nuen horrelakorik espero. Orain badakit zer sentitzen duten Bagoaz telesaileko izar mediatikoek, baina bere zaletuek adinean 40 urte gora egin eta gurasoak zaintzea tokatu zaienean.

Azterketa soziologikoa egin nezakeen, baina zertarako. Ondorioak ateratzen saia nintekeen, alperrik, Arrazoiak bilatu, egoeraren “xelebreaz” trufa egin. Baina ez, ez bata eta ez bestea. Ez du merezi oso serio hartzea, baina bai, une hauek disfrutatzea. Zerbait esatera etortzen zaizun jendea disimulurik gabe datorrelako: sumatu duena, gertatu zaiona, sentitu duena adieraztera. Badakizu zer  pozgarria den sortzailearentzat zeuk egindako zerbaitek horrelakoak eragitea norbaitengan? Guztiei estimatzen diet esandako hitz bakoitza.

Lasai, ez dut “papamobil” bat alokatu ezta bizkartzainik kontratatuko Hernanin paseatzeko.  Ez ditut ene ohitura kaletarrak aldatu beharko. Ez, imajinatzen dut edozein bihartik aurrera, dena bere onera etorriko dela, eta herriko artistaren anonimatu-publiko horretan murgilduko naizela, berriro, supermerkatuan inor besarkatzera etorri gabe (kar, kar, kar).

Bai, ulertzen dut zergatik dabilen ospearen hainbeste “junkie” bazterrotan. Oso adiktiboa da. Mesedez, ez eman gehiago!!

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up