Iker Laurobak publikoki aitortua da, Lauroba Taldearen agurraren bezperan, taldearen ibilbidea amaitutzat emateko arrazoi nagusia zela, zuzenekoetan aritzeko aukera falta. Estimagarria da, berriro ere, Donostiar musikariaren zintzotasuna, oso hitz gutxiekin, eta espantu handirik gabe, egoera hain modu zuzenean agertzeagatik.
Bai, penagarria da Lauroba bezalako talde estimagarri batek gogoz kontra oholtzen dantza utzi behar izana. Baina, eta egoeraren krudela goxatzeko inongo asmorik gabe, hau “showbussinesa” da, eskaintza eta eskaeraren arteko oreka faltaren isla kapritxosoa. Merezi duten artistek ez dute jendaurrean jotzeko aukerarik, eta talde gutxi batzuk dira etengabe, han-hemenka aritzen direnak, bazterrak nazkatu arte.
Egoerak, ordea, ez du, berean, denbora askorik irauten. Arrakasta iraupen gutxiko gaixotasuna da-eta. Atzo polikiroldegiak betetzen zituenak, egun, ezin du osatu tamaina ertaineko gaztetxe bateko sarrera. Hau, musikarion patuari lotutako zerbait da, gora-beherez betetako ibilbidearena, hain zuzen ere. Eta berriro diot, arrakasta eta kalitatea ez dute zertan eskutik joan.
Etsigarria da, bai, sekulako lanak hartu ondoren entzuleen indiferentzia baino ez jasotzea. Sortzailearen patua, dena dela. Alabari erakusteko zerbait, talde batean bateria jotzen ari dela esaten dizunean. Baina, hona, hemen zalantza; entzulearen interes falta adierazten du zuzenekoen faltak? Ez nuke, zuzenean, modu horretan itzuliko. Uzten duzula esaten duzunean, jende piloa etorriko zaizulako zein ona zaren esatera.
GARA (2018/03/15)