Niño De Elche
Antologia del cante flamenco heterodoxo
Sony 2018
Zazpigarrena du Francisco Contreras “Niño de Elche” kantariak, eta ezin beste modu batera izan, flamenkoari leihoak zabaltzen jarraitzen du, baita orain ere, haize freskoa ekarriz hain estereotipatuta dagoen música-generoari. Antologia Del Cante Flamenco Heterodoxo du izenburu azken honek, eta izenburuak adierazi bezala, flamenkoaren hertzetan dabiltzan “paloak”, egileak eta musika egiteko moduak errepasatzen ditu betiko ausardiaz eta, bere beste ezaugarrietako bat, mezu politikoak nonahi uztartuz.
Egia da, diskorako egindako kantu aukeraketa berak, erakusten duela artistak ingurua iraultzeko duen gogoa, inguru musikala eta jendartea.. Entzun bestela Pasodoble Con Rumba Original De Guy Debord, Recitando De Eugenio De Noel edo Fandangos y Canciones Del exilio. Hauei gehitu behar esperimentaziotik zuzenean edaten duten, Coplas Mecanicas De Juan De Mairena, Martinete y Debla De Vicente Escudero, Peteneras De Shostakovich eta, nola ez, Laboaren erreferentzia egiten duen Lekeitio Nº5 onirikoa.
Hogeita zazpi kantu dira guztira, eta ezusteak ez dizu atsedenik emango. Piezaz, pieza, hitzez hitz, moldaketa musikal sotil eta askotan, kasik ezkutuetatik, bihurgunez bhiurgune bide egiten duen diskoa da. Etengabe harritzen zaituen disko jostagarri horietako bat. Eskerrak ez dituzten hasieran aukeratutako 99 kantuak diskoratu, bestela edonoren bihotzarenak egiteko moduko lana litzateke hau.
Une honetara iritsita, Goraipatu beharra dago, puzzle honen ardura nagusia duten Pedro G Romero zuzendariaren eta Raul Gonzalez “Refree” ekoizlearen lana. Zaila dirudi eta halako proiektu anitz, berritzaile eta ausarta hain modu egokian garatzea, eta era berean, disko entzungarri eta batere hermetikoa ez dena sortzea.. Azken finean, batez ere, gozatzeko moduko diskoa baita hau, osoa, aberatsa, esanguratsua…
Dena dela, eta hainbesteko erreferentzien artean, ez dugu ahaztu behar, Niño De Elcheren, ahots gero eta sakonago, gero eta jakintsuagoa, dagoela guztiaren erdian. Halaxe sortzen da, neguko eguzkia nola paisaia gelatuan, diskoa irekitzen duen Soledades De La Pereza kantuaren bigarren minututik aurrera. Larruan itsatsiko zaizu, barru barrutik datozen ahotsek bakarrik egiten dakiten bezala. Ez galdu ahots hori, horixe baita disko hau josten duen hari nagusia, ez galdu kantu bilduma honek emango dizkizun beste estimulu eta txinparten artean. Ahotsa da-eta dena sinesgarri egiten duena, bai oso flamenko ari denean (Fandango Cubista De Pepe Marchenan adibidez, zein ederra den kantu hau), eta baita zerua garrasika lehertu nahi duenean ere (lekeitio Nº5). Disko gutxi entzun ditut hain sendoak azken aldi honetan.
BERRIA (2018/03/18)