Umiltasuna

Eta nork dio geu garela sormen prozesuko elementurik garrantzitsuena? Sortzailea izan arren, edo hobe esateko, sortzailea izanda ere? Zergatik egon beharko genuke guk, musikariok, denaren erdi-erdian? Zerk bilakatu gaitu musika sormenaren ardatz nagusi, baita sortzen dugunaren gainetik ere? Zenbat garrantzi-tona bizkar gainean, zenbat ospe-mozkorraldi, zenbat izen, bakan, bakar, kantuaren misterioak azaltzeko. Baina, desagertuko al litzake kantua izen propiodun kantagileak desagertuko bagina? Ez dut uste, are gehiago, agian, on egingo lioke kantagintzari halako umiltasun lezio batek.

Irudipena dut zilborrari begiratzea arte bilakatu zuen kultura burgesaren ondareetako bat dela sortzaile autonomoaren, guztiahaldunaren ideia. Beste ezeren beharrik ez duen jenioaren guardasolpean hartzen omen dute estalpe lanik esanguratsuenek, ederrenek, iraunkorrenek. Baina utikan… sekula ez da horrela izan. Kantuak behar du ardatza, eta haren esanahia. Harekin lotutako lagunek, lekuek, uneek, gertakariek, osatzen dute kantua, hau da, kantagilearen jarduna ulergarri egiten duen ekosistemak.

Zenbat zor dio artistak ekosistema horri? Dena, harrokeriak aitortzen utziko ez badio ere. Sortzailea ez da ezer ekosistemarik gabe, nahiz eta bere burua engainatzen saiatu. Bere sorkuntza ez da ezer izango ez badu ekosistema osatzen duen harreman sarea elikatzen, goldatzen… Baita korrontearen kontra egitean ere, kontua ez baita denari men egitea.

(GARA 2018/05/10)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up