Imajinatzen dut inoiz kontatu dizuedala, garai batean, maiz agertzen zitzaidala Bob Dylanen izpiritua, eta luze hitz egiten zidala; honetaz eta hartaz, munduaz eta musikaz, kantuez eta jaungoikoez. Aspaldiko partez agertu zitzaidan atzo. Badirudi, Nobel saria eman ziotenetik ez duela denborarik galtzeko ni bezalako alprojekin. Nire Dylan behintzat etorri handiko gizona da, kalakari gogotsua. Hala ari zela, bat batean hau bota zidan, eta ez dakit galdera, baieztapena ala sententzia zen: zer demontretarako nahi du arrakasta euskal kantari batek.
Boteprontoan: egiten duena ahalik eta gehien zabaldu ahal izateko, baina batez ere, musikaz bizi ahal izateko. Helburu hori lortu nahiko lukeenak, edo proletario (plaza-taldeko musikari, hamaika proiektuetako partaide…) edo sekulako arrakasta. Ez dut uste askoz ere bide gehiago dagoenik. Gainera, ziurrenik, arrakastaren albo-produktuetan jardun beharko du, horretarako, musikariak (telebista-saio zozoetako epaile/ aurkezle, sarao mediatikoetako bezero ziurra, festetako pregoilari…).
Modu asko daudelako musika bizitzeko, baita euskaldunontzat ere, zorionez, baina oso gutxi musikatik bizi ahal izateko. Beraz, euskal artista bati arrakasta ematea, tximu bati pistola kargatua ematea bezalakoa izango litzateke, erantzun zidan berak. Zergatik bada? Galdetuta, berriz, hauxe erantzuna; musikariak, azkenean, musika egiteari baino arreta gehiago jarri behar diolako arrakasta mantentzeari. Arrakastaz, bederen, asko dakienez, ez nintzen ausartu ezer erantzutera.
GARA (2018/08/30)