Arrakasta

Inoiz semeak erosiko zion Mercedes autoa zen gure aita zenarentzat arrakasta. Neuk ez daukat hain garbi (eta hura bezain materialista naizela esango nuke), ziurrenik, zientzia-fikzioaren pareko zerbait delako hori, gora-beherez betetako ibilbide luze, baina ez oso… adjektibo bat falta zait,… arrakastatsuan! Aitortu beharra daukat, beraz, oso kontzeptu ezezaguna gertatzen zaidala, arrotz eta misteriotsua. Utzi, ordea, hipotesi batzuk egiten ene ezjakintasunetik.

Ziur dakidana hauxe da, aitak ez zuela, sekula, Mercedesik gidatu, beraz, suposa daiteke neuk ez dudala arrakasta handirik eduki, edo ekologista naizela, edo xuhur hutsa, edo okerrago, arrakastarik gabeko artista, ekologista eta xuhurra. Loteria irabazi zuen gizonak. Bazuen, nolanahi ere, Volkswagen poloarekin konformatzea. Aitaren autoarena baino lehenago, ordea, iltzatu zitzaidan kaskoan beste hau, nerabe teleadikto hunkibera nintzen artean; “ospea oso gauza garestia da eta izerdiarekin ordaindu beharra dago”. Egi borobila artista pobre batentzat. Gaur egungo gazte neurotikoei jarriko nieke Fame telesaila, lehen ataletik azkenera, Amatulo eta Leeroyren ibilerekin ikas zezaten zerbait.

Moralina apur bat; ospea eta arrakasta, agian, sinonimoak dira, baina ez dute zertan hala gertatu behar. Beste modu batera esanda; zertarako nahiko zuen gure aitak izerdi-kiratsa, inolaz ere, kendu ezin zitzaion Mercedes bat? Agian, hobe, Farias usaina zerion polo gorri hura. Zergatik? Horrelakoa delako mitologia proletarioa.

GARA (2019/02/14)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up