Bai noski, hau intentzio onez jantzitako disko horietako bat da, non hainbat artistek bat egiten duten proiektu komun baten mesedetan. Dena dela, astindu aurreiritziak, hau horietako disko bat izanagatik ere, lan borobila delako, esanguratsua, zentzuduna eta, beraz, aipagarria. Bereizi egiten duen lehenengo ezaugarria proiektura bildu diren lau artisten izenak dira. Lau emakume beltz eta banjo-jotzaile dira; Rhiannon Giddens eta Leyla Mackalla (Carolina Chocolate Drops ohiak) ezagunak, eta “itzalekoagoak” gertatzen diren Allison Russell eta Amythyst Kiah gaztea. Konpainia ezin hobea horrelako disko bat egiteko, bat egiten baitute zentzu askotan. Adibidez, herri musika afro-amerikarraren gaineko ezagutza eta estimazioan, eta diskoz disko erakusten duten hura ikertzeko grina horretan. Baina, batez ere, bat egiten dute tradizio hori berrirakurtzeko erabiltzen dituzten betaurreko aurrerakoi eta moreak janzterakoan. Alde batera utzi gabe, jakina, haien trebezi eta gustu musikala, diskoan zehar etengabe agertzen dena.
Rhiannon Gidensek bultzatu zuen proiektua 2016ko The Bird On A Nation filmaren eszena batek sortutako amorruak eraginda. Filman, besteak beste, esklabu beltz baten bortxaketa azaltzen da, baina filmak emakumearengan jarri beharrean arreta, haren senarrarengan duen eragina kontatzen du. Honelaxe azaltzen du Giddens berak “Hau da emakume afro-amerikarra. Erabilia, gaizki tratatua, alde batera utzia eta mespretxatua, baina, egoera horren aurrean, izugarri ausarta, berritzailea eta tematia. Emakume beltzek gehiago eduki dute galtzeko historikoki eta hain zuzen ere horregatik justiziaren aldeko borrokalaririk sutsuenak izan dira”. Horixe da diskoaren zioa, emakume afro-amerikarren adorearen historia kantuekin ilustratzea, ezagutzera ematea, eta alde horretatik, haiekiko omenalditzat har daiteke diskoa.
13 kantu dira guztira hainbat garai eta estilotakoak baina modu zuzenean (batzuetan era gordinean) mendeetako ankerkeriaren berri ematen dutenak. Esate baterako, Sid Hemphillen Black Myself kantuaren bertsio gaurkotuak irekitzen du diskoa, bertan Etta Baker kantari eta gitarra-jotzailearen historia kontatzen da, nola 60 urte bete arte senarrak ez zion publikoan jotzen utzi. Baina, badira kontu dramatikoagoak: ahots eta perkusioekin soilik kantatutako Mamas Cryn Long kantu herrikoiak azaltzen duena adibidez; nola lintxatu zuten semeak bortxatu ondoren hura akabatu zuen emakumea.
Ez pentsa, ordea, disko iluna denik, musikalki askotarikoa; folk, blues, gospel, karibeko erritmoak… eta interpretazio “argiz” betea: Blood And Bones, Music & Joy edo Moon Meets Te Sun,… erresistentzia eta lanerako dei modukoa da lana bere osotasunean. Ekinerako lanabes egokia ere gertatzen da musika horrelakoetan. Bejondeiela.
Berria 2019/02/24