Agintarien musikazaletasunaren erakusle diren neurri horietako bat da tabernetan eman daitekeen emanaldi-kopurua mugatzearena. Mila esker, bazen musikarien alde egiteko garaia, estresak jota bizi ginen ezin erantzun eskaera gehiegizkoa! Baina ez da aski, gauza gehiago egin daitezke, jakina. Adibidez eta emanaldien kalitatea igotzeko, zergatik ez sortu ertzaintzaren sail bat, tabernetako emanaldi ia guztietan egon ohi diren hitzontzi eta builoso axolagabeen jokabidea ikertu eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko? (Isunak, atxiloketa prebentiboak emanaldia baino ordu pare bat lehenago…). Etekin ederra mozal legearentzat.
Bide batez, bada garaia, kontrolatu beharreko taberna, eta itxi beharreko gune autogestionatuetako baldintza kaxkarrak gaindituz, musikariek txukun jardun ahal izateko leku egokiak lortzeko,ez ibiltzeko edozein modura. Zerbitzu “publiko” hori eman ezin duten tabernen lekukoa hartuko duten mini auditorio eramangarriak behar ditugu, itxuroso eta funtzionalak, alfonbradun eta besaulkidunak, arkitekto ospetsuren batek diseinatu, eta abangoardiako diseinatzaileek jantzitakoak. Herriz herri ibiliko diren horrelako berrogeiren bat baino ez genituzke beharko (estimazioa da). Horrela eraman ahal izango ditugu musikaren benetako tenpluen baldintzak edozein lekutara.
Kulturak, eta bereziki musikak, marmolezko lurrak, pasillo argiztatuak, takilak, aretozain profesionalak eta zenbakia duten eserlekuak behar baititu, agi denez, behar bezala ontzeko, eta ez edozein modutara, orain arte bezala.
GARA 2019/02/28