Zenbat gara? Lau, bat, hiru, bost, zazpi… Soziologoek erantzun zehatzagorik emateko gaitasuna badute ere; nahiko ez! Horixe da burura etortzen zaidan erantzunik argigarriena. Kultur-zaletasunen neurria zenbakietara ekartzea oso zaila iruditzen zait, eta bestalde, kantitateek adierazkortasun mugatua dutela uste dut, are gehiago erantzuna, beti, gutxiegi bada. Ezer galdetu gabe ere bagenekien hori.
Beti eskas gabiltzalako behar dugu gure indarra eta itzala neurtzeko modu integralagoa, ehuneko eta zenbakietatik harantzago. Lehen gutxiago ginen eta bagenuen jendartean eragiteko gaitasuna, zergatik ez, beraz, datu soziolinguistikoek gure alde egiten dutenean? Non datza, ondorioz, transmisioaren errota martxan jartzeko sekretua?
Horren gainean ez dut teoria handirik, gaitasun falta, jakina, baina adierazgarri gertatzen zait, gero eta leku gehiagotan, euskaldun gehiago dauden honetan, haiei interesgarriak gerta dakizkiekeen proposamen kulturalak hel arazteko gaitasun falta. Baina, eta zergatik egin beharko genuke, sortzaile garen aldetik, haien gustua? Erreferentziatzat behintzat gehiengo, asko, handi, jendetza… bezalako kontzeptuak hartzen baditugu. Zenbat garen euskal produktu kulturalak kontsumitzen ditugunak? Non jarri nahi duzu arreta? Esaldiaren lehen zatian, euskal produktuetan, hain zuzen ere? Hala bigarren zatian, kultura kontsumoa aipatzen duen horretan? Ez dezagun gure burua gutxietsi, friki maitagarri koadrila bat baino gehiago gara, ea badugun, gero eta proposamen ederragoak egin, eta estimatzeko gaitasuna.
GARA (2019/05/09)