Gizonen kontuak

Txosten batek genero ikuspuntutik aztertu du euskal erkidego autonomoko jarduera kulturala, eta izugarria da generoen arteko arrakala. Aldea gainera nabarmena da kultur jardueraren esparru guztietan, kudeaketa, alor teknikoa… eta  ez bakarrik sortzaileen artean. Ezetz asmatu, dena dela, zein alorretan den handien aldea? Pentsatu pixka bat. Noski, musikagintzan! Sari ederra jaso dugu, modu batean edo bestean, hemen musikaren inguruan ari garenak. Biba gu, matxistenak gara.

Eta norbaitek aipatuko badu emakumeei musika gustatzen ez zaienaren mito interesatu eta arrazista, hobe du isiltzea. Are gehiago, aprobetxa dezatela Sister Rosseta Thorperen diskografia entzun eta bide batez, The Runaways taldearen zuzenekoren grabazioren bat ikusteko, rock & rolla sortze beretik gizonezkoen kontua izan denaren argudio historizista, partzial eta kamutsa erabiltzeko tentazioa eduki dezaketenek. 

Eta orain esaldi borobila: kultura, baliagarri izateko. dagokion garaiaren isla izan behar badu, baita unean uneko ezaugarriak estaltzeko asmoarekin sortua bada ere, dagokion jendartearen une horren lekukotasuna ematera kondenatuta dago.  Eta amaitzeko, balizko ondorio bat: gauzak dauden horretan uztea eta ezberdintasunak, injustuak izanagatik ere, betikotzea, kultura baten pobretzearen seinale badira, lan esparru bikaina dugu denok genero-arrakalarena, gakoetako bat izango baita  kultura, eta musika panorama osasuntsu, argi, erakargarri, berritzaile eraikitzeko garaian.  

 

(GARA 2019/10/03)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up