Non zaudete plaza-talde, trikitilari, heavy eta bolero kantariak, non txarangak, bandak, txistulari, punkarrak eta poperoak, non kantautore, bertsolari, txalaparta-jotzaileak. Nora ihes egin duzue, bikote, boskote, seikote, otxote, eta tamaina guztietako abesbatzak, orkestinak, jazpanak eta kale-musikariak. Eraiki al dituzte pantaila formako konfinamendu-eremuak dj, rockero, zumba-dantzari, albokari eta gaiteroentzat, gulag insonorizatuetan ezkutatu zarete mariatxi, soinu-jotzaile, folk talde, batukada, MC eta jazz musikariak?
Ez baitzaudete inon eta asko sumatzen da zuen falta. Udara patal hastera doa, erritmo martzial, errepikakor eta arritmikoarekin. Alaitasun mugatuan. Badaezpada, has daitezela psikiatrak aztertzen zer ondorio psikologiko utz ditzakeen kale-musikarik gabeko uda batek jendartean. Krimenik latzena bilakatuta gaupasa, botilatzarra edo baltsa dantzatzea. Ongi lotu beharko dugu denok barruan daramagun parrandazale (txiki, ertain ala handia), badaezpada, ezusteko penalik utz ez dezan. Eta gurasoak, erne, ongi sedatu nerabeak, eta bidali gazteak reedukazio kanpalekuetara, kataklismorik gerta ez dadin musikarik gabeko udan. Eta hori guztia gutxi balitz, gainera, batzorde bat antolatu beharko dugu, zarata dela eta herriko prentsa protesta-gutunez josten duen hiritar zintzoari gaiak proposatzeko. Nora zuzenduko du bere luma zorrotz, gupida ezin eta ezinbestekoa, zer plazebo beharko dugu haren gutun justizieroek utziko diguten hutsunea betetzeko, musikarik gabeko uda gorrian?
GARA 2020/06/18