Telelana

Jarraitzen dudan ohiko termometro sozialari jaramon eginez gero; tabernan, kalean, garraio-publikoan, dendan… eskapuan harrapatzen ditudan elkarrizketa zatietatik ondorioztatzen ditudanak, hain zuzen ere, uste dut telelanak hartu duela laugarren postua pertsonei eragiten diguten plaga nagusien zerrendan. Lan egitearen, zergak ordaindu beharraren eta aparkatu ezinaren ondoren. Ez dakit nondik datorren hainbesteko erra. Barne barnean sortzen den konfiantza eza, itsu, erraietakoa. Lagun psikologoak dio dezepzio handiekin lotuta egon ohi direla halako jokabideak. Behin ikastolan, ustezko lagun batek, alfonbra hegalari bat oparituko zidala hitzeman zidan (bere aita alfonbra hegalarien saltzailea zelako lanbidez, ez naiz hain inozo) eta 50 urte pasa diren arren oraindik ez diot barkatu sekula jaso ez izana. Ez al zaigu antzeko zerbait gertatu telelanarekin? Aiba, zer ondo, zer erraz, zer polit, zer moderno,… ja! Orain galdetu behar ea zer deritzoten teknologiaren promesei halako ilusioarekin lotu zirenek.

Esango nuke, musikariak, friki xamarrak izaki, ez dugula, alde teknologikotik bederen, zailtasun handirik egoera berrira moldatzeko. Adibidez, ohartu al zarete zein ohiko bihurtu den streaming hitza gure hiztegian? Ez dago musikarekin lotutako pulamentuzko elkarrizketarik non ez den agertzen ditxosozko anglizismoa. Denek dugu zer esanik streamingaren gainean. Gehienak jarri gara kameraren aurrean, eta kantatzeari ekin diogu inoizko entzule entregatuenak aurrean genituela irudikatuz. Baina kontuz, zer da streaming-na musikarien telelana baino!

GARA 2020/07/02

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up