Teknikariak

Joan den egunean argazki bat ikusi nuen prentsan, hamarnaka lagun, beltzez jantzita, bisaje serioa eta jarrera irmoa erakusten duten keinuak kamaran aurrean. Ez ziren musikariak, ez ziren musikazaleak edo groupie sutsuak bere haserrea adierazten. Ez al duzue asmatu? Beltzez jantzita, jarrera serioa… Noski bada, teknikariak ziren bere kezka eta protesta prentsaren aurrean adierazten zutenak. Eta bai, noski, prentsako agerpenak argitara  ekarri ditu. Ez zeukaten 20 metroko mahai bat, botoi ulergaitzez betea, atzean ezkutatu ahal izateko. Ezin zuten erabili musikariak amorrarazteko  erabiltzen duten hizkuntza tekniko aldrebes, eta esango nuke, apropos asmatutako hori. Ezin erabili keinu lehor eta indiferentziaren mailarik gorena erakusten duen begirada. Eta noski agerian geratu dira.

Ez dakit asko gustatu zaien esperientzia. Behingoagatik probatu dute zer den agertokiaren lehen lerroan egotea, eta musikarientzat adiktiboa  dena, ez dakit ez ote den kontrakoa teknikarientzat. Hain jende diskretoa da… haien lurraldeetan muturra sartu arte, orduan erakutsiko baitute bere jenio guztia. Dena dela, gatozen harira,  ez da teknikarien lepotik egindako txantxa merke hauek, argazki honen adierazgarririk garrantzitsuena. Prentsako honek, beste gauza argiago bat utzi baitu agerian: ez dagoela musikarik teknikaririk gabe. Eta adibide onena hauxe: gaur emanaldira teknikari bat etorri izan balitz, ez nintzateke hau presaka eta korrika idazten ariko, ordumugaren tronpetak belarrietan joka, eta entzuleria zain daukadala. Animo lagunak!

GARA 2020/07/13

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up