Nola ez etorri burura Poeta Hoiek kantua, eta badakit ez naizela batere originala, Pablo Haselen kartzelatze berehalakoaren berri irakurrita? Hain ozen agertu zait, hain argi etorri… Tentazioa eduki dut zutabe hau hitz horien moldaketekin osatzeko; kendu gizona eta jarri kantaria, kendu poeta eta ipini politikaria, kazetaria, kulturgilea… Begiak eta ateak ixteaz gain, kantuan bezala, beldurraren edo konbentzimenduaren indarrez, kolaboratzaile gertatu dira, bertsio ofizialaren zaindari arretatsuenak bihurtuta, xaxatzaile gorenak. Galderak, ordea, bere horretan utziko nituzke, eta kantuan bezala hiru aldiz errepikatu: zer esan du kantariak? Zer egin du? Dramatismoa gehitzen diote baina oso zentzudunak dira jasotako zigorraren neurria ulertzeko, lurrera ekarriko du testua. Baina, hori bai, erantzunak moldatuko nituzke; erregea lapur bat dela esan du, edo Joseba Arregi tortura bidez erail zutela aipatu du. Bidezidorra da, baina adierazgarritasunaren mesederako hartutakoa. Nork eskatuko lizkidake kontuak (entzutegi nazionala izan ezik).
Balizko bertsio honetan, justizia apur bat baino zerbait gehiago eskatzeagatik legoke kantaria kartzelan. Eta testuari amaiera emateko, azkenik, arrapostua, bertsolarien trebezi nagusienetako bat zakar imitatuz: hain da erraza halako justizia eskasia dagoen herrian pixka bat baino ez eskuratzea! Esandakoa, manikeizmoz, demagogiaz, errazkeriaz betetako zutabea litzateke, erresuminetik sortua, haserrearen errazkeriak argitutakoa… Eskerrak ez dudan idatzi.
GARA 2021/02/04