Galderak egiten hasita, eta hori da, besteak beste, zutabe hau idazten jarraitzeko arrazoi nagusietakoa, badut kantugintzarekin lotutako sortatxo bat. Oso oinarrizkoa den galdera bakarraren bi aldaera hauek, adibidez: zertarako kantuak egin? Zer balore du kantu batek? Erantzunak, jakina, besteren bati eskatu, hau galdera-lapikoa baino ez da, baina jakin, erantzunen arabera kulturgintzaren oso alde, maila, leku ezberdinetan kokatuko dutela egilea.
Ez dut sermoirik egingo sortzaileak, sormenaren fruituez inguruan eragiteko duen gaitasunaz, eta horrek ekarri beharko liokeen arduraz. Zergatik izan behar dugu Che Guevara bezalakoak, kasik sortzez garbiak, kirolariei, esaterako, Messiren antzeko izatea baino ez zaienean eskatzen? Sortzailearen betebeharra, kondena esan behar nuen, ezer berria, freskoa, konprometitua, adierazgarria, jendartearentzat esanguratsua gertatuko dena egitea da. Horretarako garaien kontra jo behar badu ere, eta artearen beraren erroak zalantzan jartzeko moduko kemena behar ditu. Oso ederra da, baina kriston lana, zelako ardura… Batzuetan, ez da harritzekoa gauza inutilak, ez deusak, iragankorrak, birziklagarriak egiteko gogoa sortzea. Tentsio horretan bizi da sortzailea.
Baina, onena adibideak jartzea denez, @landerlandiak Martxoak 3ko Gazteizko sarraskiarekin lotutako 23 kantuen zerrenda argitaratu du Twitterren. Kantu horiek bi multzotan banatuta daude, alde batetik, 70ko bueltan egindakoak eta bestetik 2000. urtetik aurrera egindakoak. Galdetu nahi al duzu zertarako balio duen kantu batek?
GARA 2021/03/04