Egongela antzoki

“Kaixo! Elizabeth & The Catapulteko Elizabeth naiz eta nire egongelara gonbidatu nahi zaituztet. Baina ez espazio sakratu eta intimoenetako bat den honetan, astero, egiten dudan lineako kontzertua entzuteko. Nire egongelara gonbidatzen zaituztet proiektu berri baten parte izateko. Disko bat idatzi eta ekoiztu dut; musika entzuleei eta maitaleei gutun adierazgarria, zinez, urte nahasgarri eta hunkigarri izan den honetan”. Honelaxe aurkezten du bere bosgarren diskoa Elizabeth Zimen Brooklyneko kantautoreak. Zuzen eta zehatz. Itxialdian, etxean grabatu eta ekoiztutako beste disko horietako bat, beraz. Ez dirudi oso originala, eta zalantza sor daiteke, azalpena baino, aldez aurretik botatako badaezpadako desenkusa baino ez den idatzitakoa, erdizka geratu den proiektu baten eskasiak zuritzeko. Diskoa entzun beharko zalantzak uxatzeko.


Pianoak irekitzen du balada gisara hasi eta Joni Mitchellen folk barroko estiloko pieza bilakatzen den Birds And The Bees. Ahotsa eta pianoa, ez besterik, konbentzimenduz eta indarrez, hala behar denean, goxo eta leun kantuak harantz egiten duenean. Ez da batere seinale txarra. Hurrengoak izenburu erakargarria du; Pop The Placebo, eta detaile irudimentsuz betetako folk-pop pieza bikaina da. Argitsua eta lelo itsaskorrekoa, ezin beste modu batean izan. Gitarrak eta biolinek gaina hartzen diote pianoari, nahiz eta haren presentzia nabarmendu kantua klimaxera iristen hasi bezain laster. Melodia ederra du baita “the musek” ere, berriro Mitchell andrearen itzala sumatzen da, piano eta organoak protagonismoa berreskuratzearekin batera. Alaiagoa da kontrabaxu jostalari batekin hasten den Thirsty, erritmo ertaineko folk indiea. Oraingoz, ongi ari gara.


Bi balada, geldo eta hunkigarri datoz segidan, pianoarekin Together Alone eta gitarra akustikoarekin Sweet Chariot. Jazzyagoa lehenengoa, erabat folkia bigarrena, ikaragarria honen melodia. Jostagarriagoak, alaiagoak dira hurrengo biak; Sha-la-la eta This Rose Comes To Life, irudimentsuagoak, batez ere ahots moldaketetan (ezer originalegia izan ez arren), pop aldera lerratzen da berriro Elizabeth. Crooner eskarmentudun batek sina litzake Apcalypse In A Major, the stranger, edota Hop My Sometimes Friend. Aipatu dizuet lehenago Joni Mitchellena ez da hala? Zalantzarik gera ez dadin, diskoa ixten duen Love Always Wins dator. Pianoaren tempo eta formalitatea nagusitzen den kutsu klasikoko balada.


Detailez betetako diskoa da, gustura entzutekoa eta folk-poparen hainbat aldaera mahai-gaineratzen dituena. Horrek, ordea, ez du kantariaren nortasuna pitzatzen, are gehiago, osagarri guzti horiek berera ekartzeko gaitasuna baduela erakusten du Elizabeth Zimenek. Ukitu klasikoz betetakoa, baina folk garaikideari begira dagoena. Musikariaren egongela antzoki bihurtu zenekoa.

BERRIA 2021/03/21

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up