Mixel Labeguerie sortu zeneko mendeurrena dela eta, jolas txiki bat proposatu nahi dizuet, egunerokotasunak efemeride txiki hau bere lohi azpitan irentsi baino lehen. Har dezagun eskutan, une batez, bederen, historia hankaz-gora jartzeko makina, eta imajina dezagun zer gertatuko litzakeen Uztaritzen sortutako kantariak, bere bi diskoak inoiz grabatu izan ez balitu. Adibidez, existituko al litzateke euskal kantagintza berria? Bai, baina nolakoa, noiz eta non sortua? Ez Dok Hamairu bera, ezagutu dugun modukoa izango litzateke?
Hala balitz, ondoren, non leudeke gitarra eskutan hartuta, euskal herriko frontoi, plaza, eliza, elkarteak kantuz josi zituzten kantari sutsu eta sakonak? Eta, ez balituzte sortu edozein afari, elkargune, bilera, mendi-bueltan kantatzeko himno urgente haiek? Ez balituzte argitaratu jendeak poliziaren atzaparretatik ezkutatzen zituen disko preziatuak? Ez balira kantu horiek eskuz-eskuz, eztarriz-eztarri ibili? Irudika dezagun mediku ospetsu bilakatutako Laboa, Estatu Espainiarreko kantari “ligerorik” oparoena bihurtutako Benito, sasian hildako Imanol, militantziari erabat emana, Luis Marianoren bertsioak kantatzen dituen Duhalde, Ruper indie espainiarraren teoriko, Fermin ingelesez suelto grammy sarietan, Anari literatura-saioak aurkezten la 2-en… sokak ez du etenik.
Baina, hauxe da argitu beharreko hipotesi nagusiena, Mixel Labegueriek ez balu grabatu Gaztedi Berria, zeri kantatuko liokete Chill Maffiakoek, eta batez ere, zein hizkuntzatan?
GARA 2021/03/18