Kosta egiten zait kantuei prezioa jartzea, ez dakit zer ordain merezi duen inspirazioak, eta hura zizelkatzen edo gorpuzten emandako orduek eta lanak. Ez ditut matematikak gorroto, beste fikzio mota bat da. Hamaika aldiz esan didate zenbakiekin ere joka daitekeela irudimena, egin daitekeela artea, baina nahiago izan dut sormena beste esparru batzuetan xahutzea, eta orain kontuak, estutasunak, kezkak… Zein da egindakoaren balorea? Euro bat idatzitako hitz bakoitzeko? Erabilitako akorde bakoitzeko? Kantuak pentsatzen, mamitzen, sortzen, egiten emandako ordu bakoitzeko? Entsegu ordu bakoitzeko? Zer nolako logaritmo konplexu asmatu beharko da 30 urteko lanaldi musikalaren sari justua kalkulatzeko?
Koitadua ni, ez dagokit niri hori zehaztea. Sormenean ere, kapitalismo basatia da lege. Berdin dio lan-egunaren iraupenak, lan-jardunak, ez da ordaintzen antzinakotasunik, ezta aparteko ordurik edo gauekotasunik ere. Eskaintza-eskarien lege unibertsal basatiaren araberakoa da sortzailearen soldata. Merkatu-prezioak agintzen du. Ez da aski lan egitearekin, alperrik ari zara, ongi saltzen ez bada lan horren emaitza.
Bob Dylanek 300 miloi euro baino gehiagoren truk saldu ditu bere kantuen egile-eskubideak. Neil Young eta Paul Simonek ere saldu dituzte bereak, aspaldi omen daude funtsa pribatuen eskuetan Beattles taldearen kantuak. Eta Moraurenak zer, zenbat balio dute egun Morauren kantuak? Eskaintzak jasotzeko prest nago ea erretiro txukun baterako adina sosa eskuratzen dudan.
GARA 2021/04/15