-Utzia zeukeagu- erantzun zidan lagunak, -Zer moduz taldearekin?- galdetzeko denborarik eman gabe, eta garaian garaikoak, -pandemia aurretik utzi genian- gaineratu zuen, bi esaldien artean ia arnas hartzeko ere tarterik utzi gabe. Zehaztapena garrantzitsua iruditzen zitzaion, nonbait. Plaza talde ezagun eta ospetsu bateko kantari, gitarra-jotzaile eta giro-jartzailea da laguna (beno, izan da hobetsi beharko). Hitz egiten jarraitu genuen, hangoak eta hemengoak aipatu genituen, DJen uholdeari aurre egiteko ezintasunez, azken urteetan errepertorio erakargarria osatzeko zailtasunez, edadeak ez duela laguntzen plaza-taldeak eskatzen duen lan erritmo bortitza eramaten, musikari gazteek, egun, duten maila handiaz, bizimodua ateratzeko gero eta urrutiago joan eta lan-jardun luzeagoak egitearen beharraz…
Gustura aritu ginen, egia esateko, begirune eta estimazio handia baitiot lagunari, eta baita lanbide musikal gisara plaza aukeratu duten musikariei. Adi entzun nituen hark esandako guztiak. Eta, bat-batean, kalean zutik geundela biak, solas gozoan, ene burua antropologo baten gisara ikusi nuen, galtzera doan lanbidearen azken ordezkarietako baten lekukotza, mimo handiz, jasotzen. Han, Donostiako kale batean, azken mohikanoa eta haren lekukotasuna jasotzen ari den abadea.
Oholtzarik ukitu gabe ere emango duten bigarren udaren atarian, zalantza sortu zait, gurea izango al da erromeriak, dantzaldiak, desagertzen ikusiko dituen belaunaldia. Ez nuke zama hori bizkar-gainean eraman nahiko.
GARA 2021/04/29