Lagun batek dantzarako aproposak izan daitezkeen kantu pare baten izena eskatu dit, eta pozik jaso dut enkargua. Errazago litzateke dozena edo ziento bat eskatu izan balizkit. Jakina, emango nizkioke, dantzari eskasa izanda ere, asko maite baitut gorputza musikarekin astinduz, gogoa dantzan jartzea. Kantuak irauten duen hiru minutu horietan, lotsagabe eta kaxkarin izatea. Lan zaila jarri dit, ordea, lagunak. Bi kantu aukeratu behar. Zabaldu behar izan dut dantza-musikez beteta dudan atlasa, eta errepasatu ditut, bidegurutzeak, norabideak, portuak eta hiriak, erritmoak, estiloak eta bazter-auzoak, tresnak, joskerak, basamortu eta montzoiak, ia-ia erotu naiz bi kanturen peskizan, ene helburutik gero eta urrutiago. Ez da posible, eta tiraderak eta ordenagailuko karpetak ixten hasi naiz, atzera eginez.
Orduan, beste modu batera saiatu naiz. Tarte bat hartu dit jasotako estimulu guztiak burutik ezabatzeko ahaleginak, baina, halako bake mental moduko bat lortu dudanean, bi kanturekin gogoratzen saiatu naiz. Ene asmoa zen, tranparik egin gabe, burura etorritako lehenengo bi kantu horien izena lagunari ematea. Erabaki dezala ene subkontzienteak. Ideia ona zirudien, baina ez dut lortu kantu bakar batek ere, nire zen egoera horretan bisitan etortzea. Uste dut, hutsune ikaragarriak jota nagoela eta horixe dela arazoa: Ene dantza-zaletasunarekin bakeak egin arte ezingo dudala lagunaren eskaria behar bezain ongi bete. Inork gonbidatuko al ninduke dantza egitera?
GARA 2021-05-27