Badira oso nabarmen agertzen diren diskoak, kaleratu bezain laster, bateko eta besteko aipamenak jaso eta jende askoren ahotan izaten direnak. Badira, ordea, hauekin batera, oin puntetan bezala igarotzen diren lanak, entzule, aditu, zale gehienentzat oharkabean igarotzen direnak. Bigarren horietakoa da SarraBete Gasteizko hirukotearen lehenengo diskoa. Badira hilabete batzuk argitaratu zutena (2020ko amaieran), beraz, balio beza sarrera txiki honek aipamen honen atzerapena zuritzeko.
Lehenik eta behin, aipatu behar, izenak argi agertzen duen moduan zarrabetea dela disko honetako protagonista nagusia. Bi arrazoiengatik da hori pozgarria: ohikoan hain gutxi agertzen zaigun musika-tresnari hain leku nabarmena emateagatik, eta era berean, azaltzeagatik zein dohain dituen, normalean, beste musika tresnekin (trikia, alboka, gaita) lotzen dugun errepertorio tradizionala gauzatzeko garaian. Baina, baita ere sortzailearen asmo berritzaile eta garaikideak gauzatzeko garaian. Diskoa irekitzen duen Ezpata Dantza Bat entzunda laster jabetuko da horretaz entzulea. Ez du disko honek naftalinarik transmititzen.
Egia da, horixe izan da beti, herri-musikariaren jokalekua markatzen duten bi puntu kardinalak; tradiziotik jasotakoaren interpretazio zuzena, eta musikariari, bere garaiarekin eta munduarekin dituen harremanek sortzen dioten ezinegon sortzailea. Ez al da hori, Biraka bals gozotik, Hegaldian moduan/Huriondo fandagotik, eta batik bat Ktonikoak indartsutik jasotzen duguna? Hirukote formatua, pieza instrumentalen nagusitasuna, maisutasun teknikoaren erabilera adimentsua, … denak adierazten fu folk garaikide diskoa dela hau. Betazalak, beste bals gozo batek, kolore gehiago erakutsiko ditu, bouzuki, arpa eta neska ahots hurbila. Fandango bihurri bat, Arin arinaren berrikusketa (apur bat Junkeraren tankerakoa), eta Mauriziaren oihartzunekin amaitzen den ezpata-dantza bat. Honelaxe amaitzen da diskoa.
Kantuz kantu begiratuta, nabarmena da musikariek, euskal herri-musikaren erreferente ezagunekin jokatzen dutela, baina, era berean, oso presente dituztela Europako folk berritzailearen irakaspenak, batik bat Eskandinaviako folk taldeenak (ausardiz lepo idatzi dut hau). Alde horretatik, pozgarria da oso Pablo Bravok, Gorka Buenok eta Leire Etxezarretak hiruko formatua aukeratzea, horrek sendotasun handia gehitzen diolako horrelako proposamen musikal bati, haien arteko interakzioa bizitu egiten duelako, eta entzuleari bidea alferrikako distrakzioetatik garbitzen diolako. Gozatzeko moduko diskoa.
BERRIA 2021-05-23