-Eta ingelesez kantatu izan bazenu?- Galdetu nion lehengoan nire buruari. Erantzun asko bururatu zitzaizkidan, eta lehenengoa, jakina, hau; zergatik kantatu beharko nuke ingelesez? Orduan, barnean dudan manager txiki, praktiko eta diruzaleak hartu zuen hitza, eta hark, paradisu moduko bat irudikatu zuen. Ez dut detaile asko aipatu behar, baina, haren balizko etorkizun horretan, ez zen falta munduko hiriburu “guay” horietako batean bizitzea (New York, London…).
Hori ez zitzaion asko gustatu, bizkarrezurrean, hortxe muinean, bizi zaidan nazionalista arduratsuari. Purrustadaka hasi zen, eta erasota sentitzen denean zakar erantzuteko ohitura duenez, ez zen denbora asko igaro managerra eta “baskoa” borrokan hasi arte. Hainbestekoa izan zen iskanbila, buruan, beti pixka bat gorago, dudan jakintsua bere hausnarketa jasoetatik tarte batez jaitsi, eta jende “sinplearen” arteko bakea egiten saiatu zela. Domaia, bere jario geldiezinarekin blaitu zituen beste biak; artistaren eta inguruaren arteko harreman asimetrikoak, sormenaren eta lurraren bidegurutze metaforikoa, komertzioaren eta artearen arteko zeihartasuna, etab, etab….
Aurretik kaka-nahaste gutxi, eta hara non siestatik esnatu zuten sabelaren azpiko madonna hedonista. Honi bost axola eztabaidak, baina nola utzi joaten New Yorken bizitzeko aukera? Bikoiztu egin ziren eztabaidaren bolumena eta antzutasuna… Bai, buruko-min itzela eragiten dit euskara ez den hizkuntza batean kantatzeko aukeran pentsatze hutsak.
GARA 2021/06/10