Gitarra begira daukat gelako izkin batetik. Boligrafoa mahaigainean dago, orri zuri baten ondoan. Neu zutik, nondik hasi ezin erabaki. Ez dakit non sortzen diren kantuak, zein bide egin duten, nola iristen diren erraietara, eta handik nola egiten duten jauzi nire eskuetara, ahora. Ez dakit nola hazten eta ontzen diren. Aitortu beharra daukat, hamarnaka kantu idatzi ditudan arren, oraindik ez dakidala zer den inspirazioa. Baina gutxienez, uste dut badakidala zer ez den.
Ez da armairuko tiradera. Ez da amua. Ez da fotokopiagailua. Ez da mikroskopioa. Ez da noizean behin zabaltzen dugun argazki-albuma. Ez da errezeta liburu bat. Ez da ongi kalibratutako motorra. Ez da testu prozesadore bat, eta ez du zuzentzaile automatikorik. Ez da metodo bat. Ez da ibilbide bat. Ez du maparik. Ezin da buruz ikasi. Ez du formularik. Ezin da ontziratu. Ez du etengailurik. Bi hitzetan laburtzeko, ez dago fidatzerik inspirazioarekin.
Hemen nauka zain. Bien bitartean, inspirazioaren lurrartzea errazteko, orain arte kaleratu ditudan diskoen zerrenda errepasatu dut arin. Idatzi ditudan kanturik berrienak kantatzeari ekin diot. Deika ari natzaio, ez ozenegi (ez zaio gustatzen), duin oraindik (menpekotasunak jotakoaren itxura eman gabe). Baina ez da oraindik bazterrotara hurbildu. Pazientzia behar da, normalean, gupidatu, eta berandu bada ere, agertzen baita. Baina, erne, eta ustiaketa intentsiboaren eraginez agortu badut barneko ikatz-mehatzearen emaria? Noiz arte izango naiz kantuak idazteko gai?
GARA 2021/09/30