“Kriston jarrera zeukaten..” talde musikal bereko hiru lagun ari dira hizketan irratian. Ingeles punk talde ospetsu baten gainean ari dira. “Bai musika kaka zaharra da, baina jarrera bikaina zuten” gaineratu du batek, besteek aho batez onartu dute baieztapena. Are gehiago, haietako beste batek, hariari tiraka, “bai punk musika kaka zaharra da” orokortu du. Ez dakit zer musika mota egiten zuten, baina esango nuke punk talde bat zirela. Tentazioa eduki dut, telefonoa hartu, irratira deitu, eta galdetzeko. Antigoalekoa naiz. Uste dut hori dela nire jarrera.
Laburbilduz, badirudi, gazte horiek ez dituztela, zenbait musika talde, musikagatik maite. Ez al da bitxia? Estimazio handia diete musika hain eskasa egiten duten musikari horiei. Agian ez dago halako kontraesanik, galdetu beharko zer demonio ote den jarrera horientzat. Balio bezate disko batek eta kantu batek ideiak kokatzen laguntzeko; La Pollaren Muy Punk eta Negu Gorriaren gure jarrera. Bi erpin horien artean non kokatuko ote dute bere burua musikari gazte horiek? Eta noski, musika, ikusleriaren aurrean burutzen diren arte guztiek bezala, asko du antzerkitik. Egiten den musikaren bikaintasuna tranpaldoan “defendatu” beharra dagoelako, eta horretarako ezinbestekoa da jarrera sinesgarria. Eta zer arraio da hori? Hurrengo zutaberako utziko dugu kontua. Oraingoz, berreskura dezagun Neguren proposamena; jarrera, itxura hutsetik askoz ere harago doan kontu konplexua dela. Baina ez dut uste, egun hori denik musikarien arteko, barka errepikapena, jarrerarik nagusiena.
GARA 2021/11/11