Pipiak jotako armairu baten modukoa da memoria, inguruko altzariak kutsatzen hasitakoan etxetik atera behar duguna, gaitza gehiago zabal ez dadin. Hori dela eta, hainbat hilabeteetan erabakia atzeratu ondoren, azkenean, armairua husteari ekingo diozu, uda iritsi baino lehen.
Horrela hasiko zara, paper, oihal, trastu, argazki eta mota guztietako oroimen-euskarriak hustu eta haien etorkizuna erabakitzen; hauek gerorako, hauenak egin du, pila horretan daude zalantzazkoak. Topatu nahiko zenituzkeenak ez daude, inola ikusi nahiko ez zenituzkeenak agertzen dira, ordea, eta tartean gertatuko dira, aurkintza miresgarriak.
Pipiei, adibidez, pinuaren egurra gustatzen zaie, horregatik irensten dute abiada bizian, ez ordea CDak, ez da harritzekoa. Horri esker, baina, hautsez betetako txoko batean, hezetasun orbanez jantzitako paperezko poltsa baten barnean, altxor bat gorde zezakeen munduko azken bazterrean, topatu dut bideo hau.
Urte batzuk dira grabatu genuena, amaren gaixotasuna aurreratuegi ez zegoenean, Santa Barbarako buelta osoa ematen genuenean, eta ahaztuta neukan. Pipiek armairua jan izanari esker topatu dut, eta leherketa txiki bat gertatu zait buruan; lurrin, argi eta soinuak, urratsak eta hitzak, denak nahaspilan, DVDa ikusten hasi bezain laster. Halako erauntsia izan da, halako kaka eman dizuet paseoak gora eta behera, erakustea pentsatu dudana.
Hainbestetan aipatutako ibilaldietako baten laburpena da hau: