Tabernetako lehen egunsentiak

 

Argazkia: Liliana Varela Leiva

Kafetegi guztiak ez dira UF bezalakoak, ezta taberna guztiak Troskaetaren modukoak. Vigo ez da Ataun, ezta galegoak euskaldunak, haiek lotsagabeagoak direla esango nuke. Baina, gauza bat aipatu behar dizuet, tabernetan Egunsentiak Alperrentzat defendatzen hasi naizen honetan; antzekotasun gehiago daude bi leku hauen artean, ezberdintasunak baino, nahiz eta San Martineko kaxkoko tabernan hobeto afaldu (UFen ez dute otordurik ematen).

Musikazaletasunak batzen ditu biak, eta baita “artista” maitekiro tratatzeko ohitura ezin hobea, nahiz eta, aurretik jakin ez dela hori sosak patrikaratzeko modurik aproposena. Batzuk zein besteek, estimatua sentiarazten zaituzten detaileak zaintzen dituzte. Musikaria ahalik eta erosoen egon dadin lortzen duten kontu txiki baina nabarmen horiek. Haatik, batetik bestera 800 kilometroko aldea dago, eta bietan sentitu naiz etxean bezala.

Bietan ikusgarria izan da entzuleen errespetuzko jarrera, eta hori (askoz ere) errazagoa da han, Galizian, denak oinpuntetan dabiltzala dirudi-eta, baita tabernetan ere. Ataungoa, dezentez aipagarriagoa iruditzen zait alde horretatik; larunbata zen, gaua, futbol partidaren ondoren… Ez zirudien egokierarik txukunena, zaintzaz, gaixotasunez, edota Alzheimerraz aritzeko. Baina hantxe egon ziren, arretaz entzuten, tamainan txikia gertatzen den euskal taberna batean oso ohikoa ez den isiltasun-mailari eutsiz, hasieratik bukaeraraino. Baina hori bai, kontuan hartu Negra Sombran (UFeko sotoak izena dauka) bildutako gehienek ez zutela piperrik ere ulertzen kantatzen ari nintzen bitartean, bada meritua!

Hau dena kontatu nahi nuen, tabernari batzuk musika ahal duten baldintzarik onenetan eskaintzen jarraitzeko egiten duten ahalegina estimatzeko. Bai, ez da erabat iraungi tabernari musikazaleen arraza “mitikoa”. Ezta ere, are mitikoagoa den tabernari eskuzabalena. Zer zaila den, eguna bederen, bi adjektibo horiek izen horrekin eta esaldi berean lerratzea.

Beldur galanta nuen, nola gertatuko zen kantu hauek osatzen duten istorioa tabernetan ematearena. Inoiz baino ageriago uzten baitut nire burua, inoiz baino hunkigarriago aritzen bainaiz (edo hala azaldu didate), finean, niretzat oso esanguratsuan gertatzen diren pasadizoak errepasatzen ditut (kasik mingarriak batzuetan), eta ez nuke probatu nahiko jendearen destaina krudel/zaratatsurik. Eta ongi dakit zer den hori.

Zorionez, ez UFen, ez Troskaetan ez zait gertatu, beraz, sinesten hasia naiz, agian, posiblea dela kantu hauek tabernetan ere defendatzea, txisterik eta koka-kolarik gabe, gainera.

 

Argazkiak Liliana Varela Leiva

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll Up