Festarik festa ibili gabe ere, udan, behin baino gehiagotan, gerta daiteke kantuen sendatzeko gaitasunen beharra edukitzea, goizean burua altxatzen hasteko. Izan daiteke bezperako musika-txar intoxikazioa gainditzen hasteko, edo besterik gabe, gorputz eta buru ondoezaren eraginak pixka bat lehuntzeko. Edozein modutara espero dut erabilgarria gertatzea ajea pasatzen laguntzeko playlistaren lehen atala.
01. Piers Faccini- Wolf Among Wolfes
Kantari ingelesak Bonny Price Billyren kantuari egindako bertsio ederra, bere ukitu Grekoa eta guzti. Burukomina arintzeko.
02. Stu Larsen- Areoplanes
Australiar nomadaren Resolution azken diskotik ateratako kantua. Melodia eder eta batzuetan bihurria. Sabeleko ekaitza baretzeko.
03. Charlie Cunningham- Lights Of
Gitarra espainolarekin kantatzen duen kantari ingelesak disko luze bakarra du, baina kantu honen mailako kantu batzuk ditu. Ohetik altxatzen laguntzeko.
04. Chantal Acda eta Bill Frissell- Notice
Batzuetan, ez askotan, zuzeneko bertsioak hobeak izan ohi dira disko originalekoak baino. Horixe gertatzen da Belgiar kantariak eta Frissell gitarra-jotzaile beteranoak egindako bertsio honetan. Azken aldian entzundako kanturik hunkigarrienetako bat.
05. Anari- Epilogoa
Anarik egindako kanturik sendo eta osatuenetako bat. Honekin ez baduzu lortzen ohetik altxatzea, ezin beste inola.