Konstelazioak

Orain badakit, musikalki bederen, nongotarra naizen. Bisio bat, edo antzeko zerbait eduki nuen, iluminazio bat, ekaineko gau berantiar horietako batean gertatua. Bat-batean, taberna atarian ardoa edaten ari nintzela, konturatu nintzen, une horretatik aurrera, norbaitek galdetuz gero ea musikalki nongoa nintzen, banekiela zer erantzun; Anaritarra naizela, alegia, Anariren familia egituraz lauso, ez patriarkal eta heteroaraurik gabekoaren partaide, nolabait azaltzeko.

Hari horretatik tiraka, berriz, eta familia kontuetan sartuta, ene konstelazio musikala egiten saiatu naiz eta hona hemen emaitza. Hauxe da ene familia. Laboa eta Imanol dute izena bi aitonek. Ruper eta Toño Muro ditut osabarik gertukoenak, etxera bisitan maiz etorri eta paga ematen dizuten horietakoak. Tapia eta Montoia dira anaia nagusiak, bideak zabaldu eta gauzak deskubritzen laguntzen dizuten horietakoak. Baina familia handia garenez, elkarren artean urte gutxiko aldea duten anaia eta arrebak ditut: Beñardo, Petti, Joxi eta Anari, hurrenez hurren. Oso hurbilekoak, beraz, elkarrengandik urrun egonda ere, denbora engainatzeko adinako konexioa dugunak. Jakina, denen artean, Beñardo dut kuttunena, ia-ia anaia bikia. Baditut, horietaz gain, lehengusu propioak Bizkaia aldean: Txuma eta Rafa eta Joseba (Irazoki), berriz, Beran.

Eta hurrengo belaunaldiei dagokienez, lasai, ilobak ditugu: Mursego, Ibon eta Maite Larburu begikoenak, eta Aguxtin, Joseba (B Lenoir), Marieder eta Kamila,.. eta aipatzeke utzi ditudan beste hainbat. Anarirena izanda ere, zuek osatzen duzue ene konstelazio musikala.

GARA (2018/07/05)

Kategoria: Gara, Musika Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude