Ez da ez seinale txarra euskal musikarentzat kantu bakar batek jendarte mailako kalapita sortu ahal izatea. Esango nuke, osasun seinale ere izan daitekeela, alegia, badagoelako, kantu bakar batean, jendea iritzia ematera bultzatzeko nahiko gihar. Neska-mutilak, noiz hitz egin zenuten azken aldiz musikaz? Are zehatzago, zenbat denbora igaro da euskal kanturen baten gaineko bost minutu baino gehiagoko solasaldiren bat eduki zenuenetik? Eskandalua piztu da, beraz, existitzen gara. Hori ederki dakigu jende “farandularioak”.
Baina benetan musikaz ari al gara? Eztabaida musikala iruditzen al zaizue hau? Horretan zalantza gehiago ditut. Alde batera utziko ditugu suari gasolina botatzen plazer morboso hori sumatzen duten troll eta enparauak. Hau ere ez da gutxi, miresgarria baita jendea euskal kantu baten gainean trolleatzen sumatzea, zelako arrakasta! Jatortasuna edo traizioa, euskaltasuna edo infernua, modernitatea hala hil, pilotak frontoiaren paretan nola aritzen dira argudioak horrelakoetan, ahalik eta zartakorik handiena, ahalik eta boterik bihurriena egiteko. Kantu batez ari gara, (nori axola dio gustatu zaidan ala ez) eta aurkakoek ez gaituzte, bere horretan, aldekoak on bilakatzen, ezta gutxiagorik ere.
Azkenik, utzidazue galdetzen, herra pixka batekin nahi baduzue, noiz hitz egingo ote dugu berriro, grina guzti horrekin, euskal kantu batez? Zenbat urte pasako da? Bi gutxienez, hurrengo korrika arte. Bien bitartean, banoa pixka bat perreatzera, ona da eta osasunarentzat.
GARA (2018/12/06)