Poteatzaile baten galderak “vinoteca” baten aurrean

Nork jaso zituen mahatsak basamortuko ekaitza operazioaren amaieran
Schwarzkopf jeneralak edan zuen Chateau Lafite egiteko?
kopa altxatu eta irabazi dugu esan zuen
ardo tanta batek
galako uniformea zikindu zion
odola bezala
gau handia izan zen
ondoren
zenbatetan
Irakiar jatorriko esku ilegalek gidatu dute traktorea
adibidez
bihar
Europar harresi perfektuaren ospakizunetan
europarlamentariek edango duten Massandra Sherryaren mahats-mordoak bodegara garraitzeko?
nola astindu ote zuen lur harritsua Burgoseko nekazariak?
topatu al zituen gerra zibilean fusilatutakoren baten gorpuzkinak
Monbarreko ekintzaren ondoren
X jaunak edan zuen Vega Sicilia boteilako ardoaren sorlekua ziren mahats-sailetan?
uzta bikainekoa omen zen

96 Peñin gidaren arabera
94 Parkerrentzat

ez dago historiarik ardorik gabe

txuria ala beltza ote zen Karlomagnok Iruñeako harresiak suntsitu ondoren hartutakoa?
Mirandako Kondeak Amaiurko gazteluaren hondakinetan dastatu zuena?
Kondor legioko buruek Gernikakoaren arrakastaz jarduteko edan zutena?
Rieslingen bat ziurrenik
ardo lehor
lurrintsu
dotorea
komunista izateagatik
ezkutuan edo
ihesean zebilen erlojugile ohi batek prezisioz kimatutako mahatsondoek sortua
halakoa ote zen Goikoetxea Oriol ingeniariari
Bilboko burdinezko harresia saldu ondoren
eskaini ziotena?

98 Peñin gidaren arabera
90 Parkerrentzat

ez dago gerrarik ardorik gabe

zein hizkuntzatan jardun zuten ibai handiaren hertzean
eguzki galdatan
mahastietan
gorrinarentzat fungizidak botatzen aritu zirenak?
imajinatuko al zuten
ozta-osta salbatutako uzta hartatik sortu zela mundu modernoko hiruko santuak
Googlek
Microsoftek
Amazonek
mundu mailako estatu-kolpe berri bat sinatzeko bileraren ondoren edan zuten 2005eko Bikandia?

96 Peñin gidan
94 Parkerrentzat

bisitatuko al dituzte sekula
Chateu Coutet eta Casanova Di Neri edaten duten
politikoek
abokatuek
udazken hasieran
egunez
gorriztatutako malda leunak xinaurriak bezala janzten dituzten ijito portugaldarrek
gauez
lotarako erabiltzen dituzten nabe industrialak

95 Peñin gidan
89 Parkerrentzat

ez dago eskurik gabeko ardorik
eta
beti
dira
norbaitenak
bai lurrak
bai mahastiak
bai ardoa
baina batez ere
eskuak

beti
dute historiaren bat

lotuta

Kategoria: Ardoarenak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude