Zergatik idazten dituzu kantuak, galdetuta, erantzunak asko izan daitezke, baina ziurrenik barnetik sortzen zaigun “behar” moduko bat aipatuko genuke gehienok. Sekula asebetetzen ez den gosearen moduko zerbait da. Inoiz sendatzen ez den gaixotasuna. Ekidin ezin dugun egin beharra. Sorkuntzara kondenatutakook hamaika modu saiatzen ditugu, molde guztietan aritzen gara, oinarrizko zirrara hori asetzen saiatzeko. Ez dago formula magikorik, askotariko bideak baino, eta guztien artean Giorgiorena iruditzen zait miresgarriena.
Beti arrantzan dabilen behatzailea bezala irudikatzen dut, adi, txinparta-bila, barruan kanturen bat esnatuko dion, irudi, testu, isilaldi, gertakizunen baten harrapaketan. Kalean, gauez, otordu artean, ia bakarrik, ezezagunen artean. Zirrara da detonatzailea, eta behin sentitutakoan, zertarako itxaron? Giorgiok ordu gutxi batzuk baino ez ditu behar hasierako irudi lauso hori kantu bihurtzeko. Ados nago berarekin, eskarmentuari, planifikazioari, elaborazioari, ahalik eta garrantzi gutxien eman behar zaio, horrek sormena galgatu egiten du. Hasierako dirdira ito egiten du. Kontua da, ez dela
erraza, neu, behintzat, ez naiz gai. Horregatik, miresten dut Giorgioren kantuak idazteko modua.
Hori gutxi balitz, kantua egin, eta buelta gehiegi eman baino lehen, Youtubera igo eta denen eskura jartzen du, duela hiru orduko txinparta hori gela-kantu bihurtuta. Intimo, txiki baino indartsu. Ez dezan lotsak edo beldurrak sormena ito. Bikain Giorgio, nire pop-heroia zara.
(Gara 2017/03/16)
Giorgio Bassmatiren bloga- http://www.bassmatti.com/
Youtubeko kanala- https://www.youtube.com/channel/UC2-JsDjW1bL1DV_EyKFBggw